Yahoo ikaragarria da: zulorik beltzenean sartuta ere, beti aurkitzen du modu bat maila bat beherago egiteko, nahiz eta, aldez aurretik, horrelakorik pentsaezina dirudien. Horixe dio Dan Lyons kazetariak Newsweek aldizkarian artikulu interesgarri batean. Azken bost urteotan bost enpresaburu izan ditu; azkenak lau hilabete baino ez du iraun; eta irabaziak 2005ekoen neurrira jaitsi zaizkio.
Zer egin zulotik irteteko
Zer egin lezake baina, Yahook zulotik irteteko? Kazetariak gomendatzen dio Apple-ri begiratzeko, orain 15 urte sagarraren enpresa antzeko zulo batean baitzegoen. Eta gomendatzen dio urrats hauek egitea, Steve Jobs-ek egin bezala:
- Lider indartsua lortu. Applek Steve Jobs zeukan, zeinak enpresara itzuli baitzen hamar urteko exilioa igaro ondoren. Yahook, berriz, Ross Levinshon dauka, hutsaren hurrengoa ia Silicon Valleyn.
- Jakin zergatik zauden negozio horretan. Itzuli bezain laster, Jobs-ek hil egin zituen artean Applek zituen produktu gehienak, salbu eta bi ordenagailu eramangarri eta bi mahai gaineko. Aldiz, zer da zehatz-mehatz Yahoo? Portal bat? Hedabide bat? Informazio enpresa bat? Enpresa teknologiko bat? Bilatzaile bat? Ematen du inork ez dakiela.
- Onartu porrota eta segi aurrera. Applek onartu egin zuen Microsoft-ek irabazi zuela PCen gerra, eta garaia zela negozioaren hurrengo esparrua bilatzeko: informatika mobila. Hamar urte geroago, Applek iPhone telefono aurreratua sortu zuen. Yahook asmatu beharra dauka 10 urte barru zertan ibiliko den mundua, eta harantz egin. Orain ikusita, ematen du erreminta mobilak eta lainoko zerbitzuak hantxe izango direla. Orain artean, berriz, Yahook ez du ezer egin bi alor horietan.
- Pazientzia izan. Steve Jobs 1997an itzuli zen, baina irabaziak ez ziren iritsi 2005a arte. Bertako langileek gogoan dute zein urte gogorrak izan ziren haiek. Yahook ere behar du egonarria erabakitako bideari eusteko.
Hala ere, dio kazetariak, ez dirudi gaur egun Yahoo zuzentzen dutenek bide hori hartuko dutenik, benetan agintzen duena Yahoon Dan Loeb omen baita, inbertsio enpresa handi bateko burua. Aldizkariaren ustez, Loeb-ek zatitu nahi omen du Yahoo, eta saltzen joan, dirua egiteko salmenta horietatik. Ez da harritzeko, beraz, zarata txarrak entzutea Flickr-en inguruan.