Atzo arratsaldean, etxera heldu eta Marilyn Monroe aurkitu nuen egongelan. Dokumental batean izan zen, Frantzian egina, La2 kanalak emanda. Irudi haiek ikusi eta trumilka etorri zitzaizkidan Marilyn lehendabizi ikusi nueneko flashak.
Hamar urte inguru nituen, eta ohean nengoen gaisorik, biriketan zerbait nuela. Hilabete eta erdi egin nuen horrela, eta, astean behin amak ¡Hola! aldizkaria ekartzen zuen etxera, beste komiki batzuekin batera: Pumby, Hazañas bélicas, El Capitán Trueno, etab.
Irentsi egiten nituen denak, ¡Hola! barne. Eta han ikusi nuen lehen aldiz Marilyn Monroe. Hasieratik eman zidan atentzioa emakume hark: haren bular oparoak, haren irribarre herabetasunik bakoa eta begirada samurra. Urte batzuk geroago, eta bera hilda zegoela, berriro mirestu nuen Con faldas y a lo loco eta beste film batzuetan.
Mende erdi luze joan da harrezkero, eta oraindik ere emakume liluragarria iruditzen zait, nahiz eta jakin bere bizitza pertsonala gurutzebide gogorra izan zela.