Atzo Ken Zazpi taldea izan zen Elorrion. Berandu ibili ginen txartelak hartzeko, baina lortu genituen, hala ere. Eta ez ginen damutu kontzertura joan izana, kontzertu bikaina izan zen-eta.
Arriola antzokia lepo, adin guztietako jendearekin. Agertokia ere, tramankuluz beteta, gero sekulako jokoa emango zutenak. Kontzertu bikaina izan zen: indartsua, emozioz betea eta plastikoa. Taldeak transmititzen zuen hori guztia, eta batez ere abeslariak, Eñaut Elorrietak. Gaur egun euskal musikak izarrik baldin badu, bera da bat, eta, seguruenik, distiratsuena.
U2ren oihartzunak nabarmenak zirenean ere, taldeak ez zuen horregatik sufritzen. Eta zer esan “Gernika” abestiaren gainean? Nik entzuna nuen irratietan-eta, baina atzo iluntzean monumentu bat iruditu zitzaidan, ederra bezain erdiragarria. Horregatik, denboraz bada ere —oraindik gaztea da, eta ni zahartzen ari naiz—, Eñaut konturatuko da ez duela premiarik bestelako aldarririk egiteko bere abestietatik kanpo, berauek argi hitz egiten baitute, beste hizkuntza batez bada ere.
Jeneralean ostiral iluntzetan nekatuta ibiltzen naiz, oso, baina atzo indarberrituta irten nintzen Arriola antzokitik, halakoa izan zen-eta Ken Zazpiren jarduna. Zorionak!
Gu Mikel Urdangarin ikustera joan ginen eta hau ere bikaina izan zen. Pena durangaldeko antzokiek, egun eta ordu berean, kontzertu interesgarri bi programatzea.