Gaur jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa, Euskal Herrian antolatzen den lasterketarik bereziena. Zazpi-zortzi bat aldiz egin dut, baina nire markarik onena 1987an lortu nuen: 1:18:56. Alegia, ordu bat, 18 minutu eta 56 segundo. Orduan 443.a izan nintzen. Ondo prestatuta nengoen, eta indartsu iritsi nintzen Boulevardera.
Gogoan dut azken aldiz korritu nuenean 4.000 inguru lasterkari ginela, eta denbora mordoa behar izan genuela arineketan hasteko, asko ginelako abiapuntuan. Hala ere, zer ikusirik ez gaur egun elkartuko den lasterkari kopuruarekin, 22.000tik gora espero baitira. Aupa!
Gaur ez naiz Behobian izango, baina arineketan hasten naizenean Elorrio inguruan, gogoan izango ditut hango lasterkariak eta animatzaileak, dena ondo badoa, esperientzia berezia biziko dute-eta.