Gure aitak miresmenez aipatzen zituen kirolarien artean —Bartali, Zarra, Zamora…— toki berezia izaten zuen Emil Zatopek lasterkari txekiarrak. Haren klasea eta oinaze itxurak azpimarratzen zituen sarri. Hori dela-eta, beti gorde izan dut harekiko estimua. Horrela, esku artean hartu nuenean Lasterka liburu atera berria, ikusita Emil Zatopeken bizitza nobelatua zekarrela, erosi egin nuen, zalantza izpi barik.
Liburuak ez dauka beste munduko ezer. Esan nahi dut, sinplea eta irakurterraza da. Baina gustura leitu dut. Akaso sinpletasun hori iradokitzailea gertatu zaidalako askotan. Kontua da di-da batean irakurri dudala, eta edozeini gomendatuko niokeela, batez ere atletismo zaleei, baina ez bakarrik eurei.
Ni jaio nintzen urtean, 1952an, egin zuen Emil Zatopekek balentriarik handiena, urte hartan hiru urrezko domina irabazi baitzituen Helsinkiko Olinpiar Jokoetan: 5.000 m., 10.000 m. eta maratoian. Baina txapeldun handiaren bizitzak izan zituen ertz gehiago, interesgarri askoak. Goiko bideoak erakusten du Adidasek haren omenez egindako iragarki bat, txukuna.
Emile Zatopek eta Paavo Nurmi. Nire umetako mitoak. Ez nituen ezagutu, jakina, eta horrek are handiago egiten zituen! Gero Carl Lewis eta Said Aouita etorri ziren, jakina 😉
Arrazoia. Paavo Nurmi ere izugarria izan zen. Baita Lasse Viren finlandiarra ere. Eta hori ikusi genuen, bai horixe.