Atzo mahats batze eguna izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion. Eguraldiak ezusteko txikia eman zigun hasi aurretik, goizeko 06:30ak inguruan euria egin baitzuen Elorrion, hamar bat minutuz. Gero baina, euri eta arazorik ez.
Atzokoan laguntzaile bereziak izan genituen mahatsa batzen, lau Erasmus ikasle, lehen lauhileko honetan Komunikazioa ikastera etorritakoak Mondragon Unibertsitatera: Rahel eta Markus (Suitza), Nana (Danimarka) eta Meryl (Herbehereak). Neuk gonbidatu nituen etortzera, eurentzat egun berezia izango zelakoan, aukera izango zuten-eta lan apur bat eginda, festa giroan murgiltzeko. Eta halaxe izan zen. Gogotsu egin zuten lan, eta halatsu hartu zuten parte bazkarian eta ondorengoetan.
Mahats biltzaile beterano batek iradoki zuen moduan, aurten Mendraka txakolinak (berau Esteñibarko mahatsarekin ere egiten baita) edizio berezia atera lezake, Erasmus edition, gure ikasleek jasotako mahatsarekin, izugarri saiatu baitziren sorta bakoitzeko ale sikuak eta txarrak kentzen, halako grina baitzuten jasotakoa perfekto joan zedin.
Egun ederra izan zen, mahastizainentzat bezainbat lanera gonbidatuontzat, eta zer esanik ez gaztetxoentzat, hauek nekez ahaztuko baitute mahats batze egunaren lilura. Argazkiak Flickr-en dituzue ikusgai.
Zelako argazki politak ateratzen dituzun! Gainera umeak poz-pozik daude aurten starring direla eta.