Joan den urtarrilean bigarren aldiz izan nuen tronbosi bat ezker hankan. Harrezkero, hainbat analisi egin didate jakiteko zerk eragiten didan tronbosia, baina erantzun garbirik ez. Atzo arte. Osasun azterketa eginda, medikuak aipatu zidan nire kasuan posible dela 2003an egin zidaten hezur-muinaren transplantea izatea tronbosien kulpantea.
Azaldu zidanez, transplanteak eragin dizkit hainbat arazo azalean eta ahoan. Eta litekeena dela eragin izana baita zainen barruko epitelioan ere, alegia, zainak barrutik jazten dituzten ehunetan.
Niri ere hauxe iruditzen zait orain arteko hipotesirik sendoena, bestela ez bainago ohiko arrisku taldeen barruan, hau da, pertsona sedentarioak, gizenak, haur asko izandako emakumeak, etab. Gauza bat gehiago jakinda itzuli nintzen etxera, pozik.