Atzo, lanetik etxera egin ondoren, eta sofan etzanda egon eta gero, bisera jantzi eta paseatzera irten nintzen. Eguraldi ederra, beroegi aukeran.
Igarri egiten dut ezker hankako galtza estua, tronboa izan ezkero janzten dudana; bero ematen du. Uda honetan, igarri egingo dut, ezin izango ditut-eta jantzi praka piratak. Hala ere, banoa.
Eroskira iritsi aurretik Josu ikusi dut, mendiko bizikletan datorrela. Geratu egin da, eta elkar agurtu dugu. Bizkar zorroan patinak dakartza, fraideetan izan da-eta, patinatzen beste lagun batzuekin batera. Berbetan hasi gara, hilabete luze bada-eta ez dugula elkar ikusi. Pozik dabil, eta halaxe esaten du. Hizketan ari garela, zaldi baten perra-hotsak entzun ditugu, arraroa Elorrion. Mutil bat pasatu da gure ondotik, zaldi dotore batean tente. Biok bat etorri gara zaldiaren dotorezia azpimarratzen.
Ima agertu da gero, Eroskira bidean. Gurekin geratu da, bera ere aspaldik ez dugu ikusi-eta. Lehen sarri egoten ginen elkarrekin, gure seme-alabak txikiak zirenetik. Nerabezaroan sartu zirenez gero, ostera, askoz gutxiago egoten gara. Horregatik izaten dira une hauek bereziak. Nik, behintzat, horrela hartzen ditut.
Elkar agurtu ondoren, bakoitza bere bidetik joan ginen, ni Txanberitik aurrera, hankak astintzera. Pozik abiatu nintzen, aspaldiko lagunak gogoan.