Aste honetan hainbat jendek galdetu dit ea egia den Papillon filman parte hartu ote nuen. Azkena, Juan Luis Azkarate lagunak. Hauxe erantzun nion, atzo bertan:
Ez da txistea, Juan Luis. Garai hartan Donostian ikasten ari ginen, EUTGn, eta, halako batean, esan ziguten film bat errodatu behar zutela Hondarribian, eta estrak nahi zituztela. Egunero, goizeko 06:00ak aldera, autobus batek jasotzen gintuen Groseko hondartza parean, gasolindegi batean, eta egun osoa igarotzen genuen Hondarribian.
Oso polita izan zen, zeren lagun piloa elkartu ginen han. Gainera, Dustin Hoffman eta Steve McQueen ikustea gure artean, akabua izan zen. Azken hau artean Ali MacGraw-rekin zebilen, Love Story-ko artistarekin. Vespa batean joaten ziren biak Maria Cristina hotelera. Kontuan izan modako bikotea zirela orduan…
Egun batean, greba egin genuen, diru gehiago eskatzeko, ordu piloa sartzen genuen-eta, eta kontua da estren artean polizia batzuk ere bazeudela, orduko “grisak”, eta barregarria izan zen haiek ere greba egiten ikustea, ikusten baikenuen gogoz kontra ari zirela, artean debekatuta zegoen-eta greba egitea. Azkenean, lortu genuen soldata igoera. Oso ondo etorri zitzaigun dirua, garai hartan, txakur-txikirik barik ibiltzen ginen-eta.
Nonbaiten badaukat argazkiren bat, soldadu frantses jantzita, 1. Mundu Gerra garaikoa, baina ez dut aurkitzen. Esan behar dizut inoiz ez dudala nire burua ikusi pantailan, ez eta nire lagunena ere. Hala ere, Papillon ez dut saltzeko, ez horixe.