Larunbatean La Vanguardia egunkarian irakurri nuen Lorenzo Silva idazle espainiarrak komentzitu duela Destino argitaletxea, kalera ditzan bere liburu guztiak (21), gehi bi narrazio argitaragabeak, formatu digitalean, denak 3,99 eta 5,99 euroan, eta DRM barik, hau da, kontrol antikopiarik gabe. Poztu egin nintzen, uste baitut horixe dela bidea liburu elektronikoak sustatzeko.
Egun berean, Arantxa Urretabizkaiari egindako elkarrizketa leitu nuen Berrian. Gogoa sartu zitzaidan haren azken liburua erosteko, 3 Mariak, baina bertsio digitalean. Gurebook-en sartu nintzen, eta ikusi nuen hantxe zegoela, 8,50 euroan, DRM barne. Ez nuen erosi.
Horren ordez, arreba batek utzita, atzo liburuaren paperezko bertsioa ekarri nuen etxera, horrek ez du-eta DRMrik, ez eta beharrik ere.
Idazle agian interesgarria da Arantxa Urretabizkaia, baina DRMak eta lizentzia/formatuen itxiturak euskal idazleen artean duen defendatzailerik sutsuena ere bada.
Aurkitu dut erreferentzia bat non defenditzen dituen bi gauza: 1) bere heriotzaren ondorengo 80 urteko egile eskubideen ustiaketa pribatua eta 2) liburutegietako maileguengatiko kanon ordainketa.
Gogoan dut beste artikulu bat (uste dut DVn izan zela) non 80 urteko hil-ondorengo eskubideen kontua murritzegia ere bazela zioen (eta Interneteko pirateria eta hori guztia salatzen). Hau ez dut aurkitu sarean, eta buruz esanda, akaso detaileetan oker nago. Baina orduan bururatu zitzaidana eta tuiteatu nuena esango dut berriz ere:
Mesedez, datozen 200 urteetan ez inork Arantxa Urretabizkaiaren lanik digitalizatu eta Interneten libre jarri. Mesedez, ez egin hori. Euskal kulturaren izenean eta egilearen integritatea errespetatuz, ez dezagun sekula Arantxaren lanik pirateatu.
Aurkitu dut beste artikulua, deskargen kondena apokaliptikoa eta egile eskubideen 80 urteko epea laburregia dela dioena.
Arantxa Urretabizkaia idazle ona da, Luistxo. Bere liburu guztiak irakurri ditut, Zergatik Panpox harrigarri hartatik hasita. Egile eskubideen inguruan dituen iritziak, berriz, nik gomendatuko nioke Remix liburua irakurtzea. Seguru nago hura irakurrita, modulatu egingo lituzkeela oraingo iritziak.
Horregatik, akaso, nago ez ote duzun zigor larregizkoa eskatu berarentzat, zure etsairik amorratuenari ere ezin diozu-eta opa 200 urtean inork ez kopiatzea bere libururik.
Joxe,
Niri Umberto Ecore azken lanarekin antzerakoa gertatu zitzaidan. Elkar.com webgunean begiratu nuen atera zen garaian eta badikizu zenbat kostatzen zuen ebook oinarrian??? 16 euro inguru!!! Baina ze lapurreta da hori pdf soil batengatik!!! (beno badakit ebook-ean pdf-az aparte beste dokumentu mota batzuk daudela baina burura etorri zitzaidan lehen pentsamendua izan zen). Zer egiten dute, Umberto Ecoren ebook bakoitzarengatik kopia bat eskaneatu eta bidali???? En fin, ea gauza aldatzen joaten den behingoan.
Zigorra, Joxe? Bere desio zehatza da, ezta?