Aspaldi nuen asmoa liburu hau irakurtzeko, El doctor Zhivago, eta ospitaleratu nindutenean, urtarrilaren 24an, berau irakurtzen hasi nintzen, jakin barik astia izango ote nuen liburutzarrori (747 orrialde ditu) ganoraz leitzeko. Zorionez, izan dut astia, eritasuneko baimena uste baino luzeago joan da-eta. Pozik irakurri dut, eta oso gustura geratu naiz.
Hamahiru bat urte izango nituen El doctor Zhivago filma ikusi nuenetik, eta erabat ahaztuta nuen, egia esan behar badut. Azken urteotan, berriz, behin eta berriro irakurri dut Boris Pasternak idazlearen gainean, eta nahi nuen bere libururik ezagunena irakurri. Bertan aurkitu dut sentiberatasun handiko idazle bat, izadi maitalea eta pertsonengan sinisten duena. Liburu hau maitasun historia bat da, baina XX. mende hasierako Errusian kokatua, orduan gertatu ziren auzi, talka, gerra eta iraultza artean. Atzealdean, gerraren doilorkeria eta iraultzaren gehiegikeriak. Ez harritu Sobiet Batasuneko agintariak haserretu baziren Pasternakekin, liburuak zorrotz kritikatzen baititu sobietarren desmasiak ere.
Liburua artean amaitzeke nuela, joan den larunbatean, Documentos RNE entzun nuen harrikoa egin bitartean, eta, kasualitatea, Boris Pasternak zuen aztergai. Esan beharrik ez dago, arreta handiz entzun nuela irratsaioa, eta horregatik ekarri dut hona, badaezpada zuetariko baten batek berau entzun nahiko balu. Boris Pasternak pertsona interesgarria da, eta Zhivago doktorea, liburu ederra. Ahal baduzue, irakurri.
Liburua eta filma, biak ederrak, Joxe!
Nik biekin pila bat disfrutatu nuen. Egia da liburua momentu batzuetan astuna egin zitzaidala baina aldi berean, perezarik gabe jartzen nintzen irakurtzen hurrengo egunean.
Bi artistatzarren obrak. Boris Pasternak eta David Lean.
Egonen eta asteburu on!