Telefono aurreratuak eta tableta digitalak agertzeaz batera, hainbat aplikazio agertu dira, informazioa zabaltzekoak, eta aplikazio hauek aldatzen ari dira zelan irakurtzen dugun ibilian gabiltzala. Oraingoan hiru aipatuko ditugu: Flipboard, Pulse eta Taptu. Hirurak informazio batzaileak dira, izatez, eta ederto baliatzen dituzte sare sozialak eta ikus-entzunezkoak, informazioa era multimedian aurkezteko.
Natibo digitalek nahiago dute sarean edukiak era multimedian irakurri. Etorkin digital asko ere, konturatzen ari gara era horretara edukiak hobeto sartzen zaizkigula askotan. Horretaz jabetuta, hainbat enpresa ari dira aplikazio bereziak sortzen, informazioa era sinplean, dinamikoan eta ikusgarrian aurkezteko.
Flipboard
Gure inguruan hauxe izango da era horretako aplikaziorik ezagunena, berehala zabaldu zen-eta iPad erabiltzaileen artean. Baita Sustatun ere. Flipboard aldizkari pertsonala izan daiteke, konektatzen baitu erabiltzailearen sare sozialekin, eta erakusten baititu haiek partekatzen ari diren elementurik interesgarrienak: artikuluak, argazkiak, bideoak, aurkezpenak… dena modu ikusgarrian erakutsita, elementu bisual askorekin. Flipboard eguneratzen da lagunek eguneratu ahala euren materiala. iPhone eta iPadetan dabil.
Pulse
Pulse da informazioa irakurtzeko aplikazio bat, eta berau erabil daiteke iPhone, iPad eta Android aparailuetan. Aplikazio honek jasotzen du informazioa erabiltzaileak aukeratutako informazio-iturrietatik: tradizionalak, blogak eta sare sozialak, eta hau guztiau aurkezten du arbel batean, gelaxkaz betea, modu ikusgarrian.
Taptu
Taptu ere informazio batzailea da, eta jasotzen du informazioa erabiltzaileak markaturiko informazio-iturrietatik: lagunak, albistegiak, sare sozialak, kirolak, musika, intereseko tokiak, etab. Berau erabilita erabiltzaileak jakin dezake zer gertatzen ari den Facebook-en, Twitter-en edo Linkedin-en, parteka dezake informazioa bere sarearekin. iPhone, iPad eta Android aparailuetan dabil.
Hiru aplikazioek antzeko ezaugarriak dituzte, eta egiten dute informazioa eskuragarria, dinamikoa, ikusgarria, hurbila eta berehalakoa.