Abuztuaren 20a ezkero, izar errari bat ikus daiteke zeruan. Etorrian joan da, enara beltzen antzera. Karmele Igartua da, poeta aretxabaletarra.
Igandea arte, ez nekien nor zen Karmele Igartua, baina irakurri nuenean Berrian haren heriotzaren berri, jakin-mina piztu zitzaidan: nor ote zen Aretxabaletako poeta hori? Atzo goizean, berriz, Arantxa Irastorzari entzun nion Euskadi Irratian Karmelez hitz egiten, eta une hartan erabaki nuen irakurri behar nuela Karmeleren libururen bat, edozein. Arratsaldean, Arrasatera joan, eta Denbora enaren hegaletan erosi nuen.
Liburu ederra
Karmelek berak neurtitzetan kontatzen digunez, une jakin batean lubaki batek irentsi zuen bere mundua, ikara izugarri batek ezkutatu iragana eta geroa, “min bizi-bizi batek”, beste poema batean dioen legez. Idazteak sosegua ematen diola-eta, poema hauek idatzi ditu, eta hor hausnarketa egiten du denboraren inguruan, orain baibaitaki denbora mugatua duela.
Liburua maitasun kantu bat da —zein ederra etxeko izarrei eskainitakoa!—, testamentu bat, gaixoaldian barrena ematen du-eta ekaitzaren ostean (“Pasa dadila denbora hau!”) Karmelek aurkitu zuela sosegua (“Eta orain, ba, / ez nau hiltzeak arduratzen / biziak bai, eta bizirik bizitzeak”), eta sosegu horren berri ematen digu liburuan, hizkuntza harrigarri ederrean.
Bai. Etxera iritsi, eta irentsi egin nuen liburua. Hunkitu egin ninduen. Ahal baduzue, irakurri, bertan poeta peto-petoa aurkituko duzue-eta.
Egunon Joxe;
Ez dakit gogoratuko zaren nirekin. Garazi Oihanguren Igartua naiz, Huhezi fakultatean Ikusentzunezko komunikazioan lizentziatua 2008.urtean. Nire tutore izan zinen nire karrera amaierako proiektuan. (Fagor Etxetresnak-en burutua)
Karmele Igartua nire ama zen (da.)Ni naiz izar horietako bat. Kasualitatez iritsi naiz zure blog-era, amaren inguruko berriak irakurriaz, eta idaztea pentsatu dut, ez dakit, zerbaitek bultzatuta edo. Pozten naiz bere liburuak hain ondo erakustea zer bizi izan dugun, zein nolako ama geneukan eta tamalez hain ondo ezagutzen dugun gaixotasunak zein barne kolpe eragiten duen. Bere beste liburuak ere irakurtzeko gomendatzen dizut, “Hitzak Orbainetan” eta baita nahiz eta oraindik argitaratu gabe izan, idatzita utzi zuen “Itsaso Kontra Bat” poema liburua.
Eskerrikasko zure hitzengatik,
Garazi Oihanguren Igartua.
Egun on, Garazi! Gogoratzen naiz zurekin, zelan ez bada. Sentitzen dut ama galdu izana, eta pozten naiz jakinda zeu zarela zure amak halako maitasunez deskribatutako bere etxeko izar horietako bat. Saminaren erdian, baduzue motiboa amaz harro egoteko: ni harritu egin ninduen, ikusita hain denbora laburrean zelako hizkuntza poetiko landua (eta ederra) lortu zuen.
Esan barik doa, gustura irakurriko ditut Karmeleren beste liburuak, lehena eta oraingoz argitaratu bakoa. Eta orduan zu ere gogoan izango zaitut. Besarkada handi bat.