Beste liburu bat irakurri dut, Darwin bidaiaria, hau ere oso ona, kontuan izanda bederatzi eta hamabi urte bitarteko neska-mutilentzako bilduma batean datorrela, Nor da? izenekoa, Txertoa argitaletxean.
Liburuak oso ondo azaltzen du nor izan zen Charles Darwin eta zeintzuk izan ziren zientzialari ingelesaren ekarpenik handienak, hori guztia hizkuntza erraz eta entretenigarria erabilita. Meritu itzela, beraz, Nicolas Cuvi egilearena eta baita Martin Anso euskaratzailearena ere. Bukaeran, gainera, liburuak hainbat ariketa dakartza, eta bertan kontuan hartzen da Darwinen teoriak Euskal Herrian izandako oihartzuna. Horreraz gain, Interneteko hainbat helbide ematen ditu —horietako zenbait, Euskal Herrikoak— gaia lantzen segitu nahi duenarentzat.
Liburu interesgarri honek badu, hala ere, eragozpen bat, eragozpen tontoa: bertako testua tinta berdez idatzita dago, eta horrek zaildu egiten du berau irakurtzea. Ez dut ulertzen oraindik ere, XXI. mendean, nolatan egin daitezkeen horrelako hanka-sartzeak, jakinda zuria beltzaren gainean irakurtzen dugula errazen eta erosoen. Guztiarekin ere, seme-alaba gaztetxoak dituzuenak, aintzat hartu liburu hau, baita zuentzat ere.