Haserretu egin nintzen, irakurri nuenean Israelek gutxienez 10 lagun hil dituela itsasontzi batean, berau nazioarteko uretan zihoala Gaza aldera, giza laguntza eramaten.
Geroago baina, are haserreago jarri nintzen irratian entzun nionean Israelgo enbaxadoreari justifikatzen erasoa, berau kondenatzen zituztenak fundamentalistatzat hartuta. Lotsagarria iruditu zitzaidan Israelgo gobernuaren jarrera, defenda ezina defendatu guran, horretarako mundu erdia baino gehiago kakaztu behar baldin badu ere.
Min ematen dit, lagunak baititut Israelen, baina ordua da astindu dezaten beldurra, barne-muinetan daramatena, zeinaren bidez beren gobernuak edozer justifikatzen duen, baita ekintzarik odoltsuena ere. Israelek erantzun egin beharko du nazioarteko komunitatearen aurrean, bestela berau geratuko da barregarri.