Sonyk esan du ez duela
diskete gehiago egingo. Kito. Arrazoia: eskaririk eza, nahiz eta 2009an
Japonian bakarrik 12 milioi diskete saldu ziren. Hamabi urte igaro dira
–erraz esaten da: hamabi–, Applek kendu zuenetik diskete irakurgailua
iMac-etan.
Disketea 1981ean asmatu zen
baina, faxa eta beste asmakizunekin batera, berehala erori da
ahanzturaren putzuan, berrikuntza teknologiko etengabeak irentsita. Gaur
USB edo pendrive bezalako gailuetan gordetzen dugu informazioa, baina
horiek ere zenbatuta dituzte egunak, gero eta gehiago hodeia erabiltzen
ari baikara informazioa gordetzeko.
Atseden izan beza disketeak,
eta alerik baldin baduzue, gorde pare bat zuen ondorengoei azaltzeko
zertarako erabiltzen ziren.