Joan den asteartean Googlek Buzz zerbitzua iragarri zuen. Asteazkenerako, seguruenik hor ibiliko zinen, asmatu ezinik zelan dabilen zerbitzua. Ostegunerako, zu ere kezkatuta ibiliko zinen Buzzek eragindako pribatutasun arazoengatik. Asteburua igarota, oraindik ere noraezean baldin bazabiltza, hona hemen zenbait aholku Buzz hobeto erabiltzeko, PCWorld aldizkariak emanak.
Kendu Buzz zure sarrera-ontzitik
Besterik ezean Google Buzzek mezu bat bidaliko dizu Gmaileko sarrera-ontzira, baten batek zu aipatzen zaituen aldiko. Kontuan izanda postan jasoko duzuna Buzzen ere agertuko dela, alperrik duzu bietan agertzea. Zorionez, erraza da postako mezu horiek desegitea, horretarako iragazki bat sortuta Gmailen, filtro bat.
Gmailen zaudela, klik egin “sortu iragazkia” loturan, orriaren goi aldean, bilaketa-kutxaren eskuin aldean. “Hitz hauek ditu” eremuan, idatzi label:buzz eta klik egin hurrengo pausoan. Ez egin kasurik irtengo zaizun abisuari eta egin klik ados botoian. Behin markatuta “saltatu sarrera-ontzia” eta “markatu irakurrita gisa”, sortu iragazkia. Kitto. Buzzek ez dizu mezu gehiago bidaliko zure Gmail kontura.
Ezkutatu zure jarraitzaileak
Arrazoi bat baino gehiago izan dezakezu zeure jarraitzaileen izen-deiturak ezkutuan gordetzeko, Buzz ez baita Twitter, eta zerbitzu berri hau oinarritzen baita zure posta elektronikoan, eta denok dakigu denon postak sekretu asko gorde ditzakeela. Ikasleak ez luke nahi izango bere irakaslea zerrendan eduki, besterik gabe kontaktuetan zegoelako. Edo emakume jipoituak bere senar ohi jipoitzailea.
Hortaz, ez baduzu nahi zure kontaktuak agerian erakutsi, joan zure Google Profilera, aukeratu “editatu profila” orriaren goi aldean, eta kendu marka esaldi hau duen kutxari: “Bistaratu jarraitzen ditudan eta jarraitzen nauten pertsonen zerrenda”. Bukatutakoan, gorde aldaketak.
Erabili alboko menua
Ikusten baduzu zure Buzz hori gainez egin duela neurriz, erabili mezu bakoitzaren eskuin aldean dagoen menua, aukera emango dizu-eta baten mezu jarioa isilarazteko edo, horrela nahi izatera, ezabatzeko. Zure mezuak ere ezaba ditzakezu.
Landu kontaktuen zerrenda
Buzzen pribatutasun ezarpenak oinarrituta daude Gmailekoetan. Horregatik, onena izan dezakezu Gmailen zure kontaktuetara joan, eta bertan zaudela, bizpahiru talde sortzea (lankideak, familia, lagun-taldea…), gero Buzzen gehien erabiliko dituzunak. Geroago, erabaki dezakezu mezu bat halako taldeari edo besteari bideratzea.
Lotu zure sareekin
Behin zure Buzz kontua txukun duzunean, garaia da berau lotzeko zure beste sare sozialekin. Oraingoz, Buzzek aukera ematen du berau lotzeko zerbitzu hauekin: Picasa, Blogger, Google Reader, Flickr eta Twitter.
Lotu nahi baduzu zure Buzz zerbitzua beste horiekin, egin klik Buzzen bertan, eta aukeratu “X konektatutako gune” loturarekin, zure izenaren eskuin aldean. Leiho bat irekiko zaizu, eta hor aukeratu zein bai eta zein ez. Ez bazaizkizu zerbitzu horiek agertzen, joan zure Google profilera, eta bertan aukeratu zerbitzuak.
Buzz, posta elektronikoz
Nahi izate aldera, posta elektronikoa erabil dezakezu mezu bat argitaratzeko Buzzen. Horretarako, bidali mezua helbide honetara: buzz@gmail.com Horrek, ordea, bakarrik balio du Gmail erabiliz gero.
Jantzi zure testua
Buzzek ez du testu aberasturik, baina aukera ematen du oinarrizko aldaketa batzuk egiteko. Letra beltzez idazteko: *asteriskoak* erabili hitz baten alboan. Letra italikoak lortzeko, _azpikomarrak_ hitz horren inguruan. Eta hitz bat ezabatua dela adierazteko, -albokomarrak-.
Buzz erabat ezabatzeko
Nahi baduzu Buzz erabat ezabatu zure begi bistatik, jo zure Gmail orriaren beheko aldera, eta han behean egin klik “desaktibatu buzza” loturan. Baina horrek ez du erabat suntsituko zure Buzz kontua, oraindik ere jarraitzaileak izango baitituzu, nahiz eta zuk ikusi ez Gmailen.
Horregatik, Buzz erabat desegin aurretik pauso pare bat gehiago eman behar dituzu. Buzzen bertan zaudela, egin klik “X jarraitzaile” loturan eta jarraitzen ari zaren guztietan, egin klik “ez egin jarraipenik” loturan. Hori eginda, egin klik “X pertsonari jarraipena egiten” loturan, beherago, eta hor ere, egin klik, banan-banan, bakoitzaren ondoan, “ez egin jarraipenik” loturan. Ondoren, desegin zure Google profila. Horretarako, joan zure Google profilera, egin klik “editatu profila” loturan, joan orriaren beheraino, eta aukeratu “ezabatu profila”.
Hori guztia eginda, orduan bai, “desaktibatu buzza” zure Gmail kontuaren beheko aldean. Orduan bai, lasai joan zaitezke lotara, zure Buzz zerbitzua zerraldo utzi duzu-eta.
Zinez eskertzekoak zure oharrak! Egian esan, ez dakit nola ikusten nauten besteek buzzen eta ez dakit nola erabili zehatz-mehatz. Momentuz, nire blogen eta enparauen jarioa eskura izateko erabiltzen dut.
Ba niri ez zaizkit sarrera ontzira joaten, zuzenean Buzz atalean geratzen dira.
Bestalde, email arrunt batean buzz hitza egon ezkero, zure flitroak email arrunt hori buzzeko zerbait izango balitz bezala bideratuko luke, ez da hala?
Gero arte.
Markel, proba egin dut, eta neure buruari bidali diot mezu bat, eta gaian “Buzz” hitza idatzi diot. Filtroak ez dio eragin, eta jaso egin dut mezua nire postontzian.
Mila esker azalpenarengatik. Oso lagungarria!