Liburu bikaina da Far Westeko Euskal Herria. Irakurri berri dut, eta izugarri gustatu zait. Asun Garikanok idatzi du, Pamiela argitaletxean, eta jakin nahi baduzue zelakoa izan zen euskaldunen emigrazioa AEBetara, bertako Mendebaldera batez ere, hauxe duzue liburua. Ondo dokumentatuta dago, ederto antolatuta eta bikain idatzita.
Euskaldun askoren kontuak kontatzen dizkigu liburu honetan Asun Garikanok, gizonenak batez ere, baina egileak ahalegin berezia egin du emakumeenak ere lurpetik ateratzen, orain arte ia inork egin ez duena, eta eskertzen zaio saioa, emankorra izan baita.
Bainaren bat ipintzekotan, argitalpenari ipiniko nioke, argazki asko eta asko kromoen tamainakoak agertzen baitira. Nahiago nukeen Pamielak argazki gutxiago aukeratuta, handiagoak atera balitu. Emaitza ederragoa zatekeen. Nik erositako liburuak, bestalde, zortzi orrialde ditu amaieran inprimatu barik, zuriz. Ez dakit nire alearen arazoa bakarrik izan den ala zabalagoa.
Edozelan ere, liburu bikaina duzue, monumentu bat etorkizun hobearen bila AEBetara joan ziren gizon-emakume euskaldunei.