Bilbon, Egunkariaren alde

Bilbon, Egunkariaren alde
Orain zazpi urte ezin izan nintzen joan Donostiara, artean ohean nengoen-eta, kimioaren ondorioak pairatzen. Atzo, berriz, Bilbon izan nintzen, ondo jantzita, hori bai: lau elastiko termiko, jertse lodi bat eta anorak potoloa, txanoa eta eskularruak. Lineako autobusa hartu genuen hara egiteko.

Hasi aurretik, menda poleo beroa hartu Aita Donostia plaza inguruan, eta hara joan ginen. Hotz egiten zuen, baina giro ona. Berehala hasi ginen aurpegi ezagunak ikusten: Joserra Etxebarria adierazpenak egiten ingelesez telebista bati, Asier Irizar lankidea, Itziar Irizar ikaslea Mexikotik ailegatu berria, bere ahizpa Ihintza, HUHEZIko beste zenbait ikasle, Xabier Elorza HABEkoa, Jesus Garmendia aspaldiko adiskidea… Berbaldi bat honekin, hitz batzuk harekin, noizbehinka gelditu, txaloak jo… Gu atze aldean gindoazen, eta Zabalburura iritsi orduko, aurrekoan udaletxean ziren.

Bukaeran, Lazkaoko aspaldiko lagunak agurtuta, Alejandro eta Itziarrekin alkartu ginen, eta haiekin joan ginen taberna batera, zerbait beroa hartzera. Handik pauso bizian, Termibusera. San Mamesetik jende irteten. “Athletic, Athletic…!”, entzuten zen kanpotik. Autobusaren zain ginela, jakin genuen, lekeitiar athletic zale batek esanda, Athleticek 2-0 irabazi ziola Osasunari, eta Barçak ere 1-2 irabazi zuela Munduko Kopan. Oraingoan, zutik egin genuen Durango arterainoko bidea. Barruan, bero itzela, giza beroa. Jende gehiena, manifestazioan eta San Mamesen izandakoa. Denak pozik.

Elorrion, izotza. Pinto tabernara joan ginen, egunak amaiera ona merezi zuen-eta. Mahai gainean, entsalada, arrautzak pernilarekin eta gazta irasagarrarekin. Edateko, ura eta ardoa, Ostatu. Handik, zuzenean etxera.

Postdata: Orain urtebete luze Mondragoen izan nintzenean Isaias Carrasco hil berriaren omenaldian, orduan euskaradun jendea sentitu nuen faltan Arrasateko plazan. Atzo, berriz, erdaldun jendea sentitu nuen falta zela Bilboko kaleetan. Hemen transbersalitaterik ez da inon ikusten.

Egunkaria libre!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

4 erantzun Bilbon, Egunkariaren alde-ri

  1. egilea: Josu

    Joxe, Postdata horretan utzi duzun gogoeta, Iturrik Twitterrera eraman duena, nik ere sinatzen dut.

    Aurrekoan tuiteatu nuen lagun sozialisten ahotsa botatzen nuela faltan, ETAren aurka ahotsa altxa dudanean pribatutik hainbestetan eskertu didaten lagun sozialisten ahotsa, hain zuzen.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Josu! Oso begi-bistakoa izan zen jende asko falta zela manifestazioan. Herri bat egin nahi badugu, halako batean hasi beharko gara aitortzen herri horren barruan dauden sentsibilitate diferenteak, eta kezkatzen bestearen ongizateaz.

  3. egilea: Iagoba

    Askotan iruditzen zait ez garela gai gure burua kritikatzeko. Blog hau

    irakurtzea dexente gustatzen zait, ez bait dut iñungo egunkaritan  irakurtzen pentsatu egingo didan ezer, eskerrik asko Joxe.

    Oso pesimista naiz gizarte hau nora doan ikusirik. Banaketa nabarmena dago eta ez dut konponbiderik ikusten.

     

     

     

  4. egilea: patxi lurra

    Egunkaria=ETA ekuazioa ez da bakarrik muturreko lobby batzuk orain planteautakoa. Tradizio luze-luzea da Euskara=baserria ekuazioa, eta askoz laburragoa baina dagoeneko beteranoa Euskara=politika hori. “Politika” horretan irakur daiteke Euskal abertzaletasuna, eta zehazki Herri Batasuna (edo Ezker Abertzalea, edo…), ETA alegia, hainbaten ustez.

    Ondorioz hiritar asko ez dira identifikatzen ez baserriagaz ezta abertzaletasunagaz be eta iges egiten dabe. Ez dabe inork eurak holako lekuetan ikustea nahi. Erdaldun espainolistez nabil, noski, baina ez bakarrik. “Egunkaria”koekin bat egin arren ez dabe marra hori igarotzea nahi. Joxek bestela zeharkatu ebana Isaias Carrasco hil ebenean (asko emon eustan pentsatzeko orduko artikuluak). Bertigoa, bildurra, bai, baina askapen sentsazinoa be eduki behar dau norberak “etsaiarenganako” marra zeharkatu ostean. Neuk behintzat aitortu behar dot oraindino ez dodala muga hori benetan gainditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude