Zorionak eman nahi dizkiot Bertsozale Elkarteari, azken urteotan egin duen lan zoragarriagatik, eta puntua jarri, etorkizunari begira: sar dadila bideo jokoen eremuan, sor ditzala bideo jokoak, aukera izan dezagun ikusteko Xalbador Andoni Egañaren kontra, Lujanbiotarrak aurrez aurre (Txirrita eta Maialen), eta Pello Errota Sustrai Colinaren aurka, esate baterako.
Ez naiz bertsozalea, baina badakit Bertsozaleen Elkartea gauza asko ari dela ondo egiten; komunikazioaren ikuspegitik, behintzat, bai. Aurrekoan, Hitzetik Hortzera ikusi nuen ETB3 katean, eta oso modu duin eta entretenigarrian eman zuten azken kanporaketaren berri. Beste horrenbeste esan dezaket Hitza Jolas Euskadi Irratian entzundako saioaz: bizia, jakingarria eta entretenigarria.
Jakitun zeintzuk diren bertsolaritzaren mugak, aspaldi hasi zen Bertsozale Elkartea erabaki ausartak hartzen, arriskatzen, eremu berriak esploratzen. Iruditzen zait gaurko arrakastak —milaka eta milaka ikusle eta jarraitzaile kanporaketetan, azken txapliguaren zain BECen— orduko erabakien emaitza direla. Ea etorkizunean ere horrela erantzuten duen!
Nik beti esaten dut berdina: eutsiko ote diogu “boom” honi?
Urtetik urtera ume gehiago bertso-udalekuetan (asko kanpoan geratzen dira), bertso-eskolara ume pila inguratzen zaigu eta kartelak jarri gabe! Txapelketak, publikazioak, bertsolariek duten pisua gizartean,…
Nik pozik geratzen naiz transmisioan aurrera jarraitzen badugu: umeak zaletzen eta bertso-eskolara bideratzen.
Eta bideo jokoak… lasai! Etorkizun ez oso urrun batean baten bat izango dugu!
Ni gustura jolastuko nintzateke Bertso Fighter horrekin, edo gustura kantatuko nuke Singstarraren Bertso Karaokean… Puntu ederra, Joxe!