Atzo goizean Elorrion izan genituen Luistxo Fernandez eta Mikel Lizarralde, berauek buru-belarri baitabiltza Open Street Map proiektuan lanean, poliki-poliki irudikatu nahi dituzte-eta Euskal Herriko herriak mapa horretan. Trepeta gutxi baina onak ekarri zituzten: ordenagailu bana eta bi telefono, Android sistema eragilekoak, GPS eta guzti.
Kafe bat hartuta, bi taldetan abiatu ginen oinez herrian barrena: Luistxok egin zuen errepideaz bestaldekoa (industrialdea eta San Jose inguruak, gasolindegiraino); Mikelek eta biok, berriz, erdigune ingurukoa. Ondoren, autoa hartu eta inguruko bideetan aritu ginen, GPSa piztuta, Gazeta barne.
Lanaren lehen zatia amaituta, Pinto tabernan geratu, eta txikito bana eta urdaiazpikoa eskatu genituen, etxeko espezialitatea. Amaitzeko, jasotako datuak, ordenagailuan sartu genituen. Horrekin batera, sortu zidaten kontu bat Open Street Mapen, eta erakutsi zidaten zelan egin jasotako datuak mapan sartzeko. Informazio lartxo niretzat, ganoraz barneratzeko. Hala ere, nire bataioa izan zen geolokalizazioan.