Miret Magdalena hil da, teologo espainiar aurrerakoia. Seminarioan nengoela, Triunfo aldizkaria irakurtzen nuen astero. Eta aldizkari horren barruan, arreta berezia eskaintzen nion haren orrialdeari, erlijio kontuak oso modu irekian tratatzen baitzituen, gauza bitxia garai haietan, 1970ean.
Egun batean, gutun bat idatzi nion —Sobre el celibato— Herbehereetako gotzainek idatzitako dokumentu bat oinarri hartuta, eta bertan eskatzen nuen abade katolikoek aukera izan behar zutela ezkontzeko, gura izanez gero, behintzat. Gutuna argitaratu egin zen aldizkariaren 402. zenbakian, eta nire inguruan bazterrak nahastu egin ziren apur bat.
Peñaflorida Institutuan, adibidez, bertan ari baikinen batxillergoa egiten, literatura irakasleak aukera eman zigun eskola-ordu oso bat har genezan gutuna eztabaidatzeko. Seminarioan, berriz, irakasle bat etorri zitzaidan gelara, esanez nik benetan pentsatzen banuen gutunean esandakoa, utzi egin beharko nuela seminarioa, ordurako jakin behar nuen-eta nire eskaria ez zela posible Eliza Katolikoaren barruan.
Ikasturte hura amaitutakoan, utzi egin nuen seminarioa, ordurako elizaren kortsea itogarria egiten zitzaidalako. Miret Magdalenak erakutsi zidan elizaren beste alde bat, irekiagoa eta interesgarriagoa, eta, gerora alde batera utzi baditut ere elizarekiko kezkak, beti gorde dut harekiko miresmena. Gaur jakin dut Miret Magdalena hil egin dela. Atseden har beza.