Aurten laugarrengoz, Txantxibiri kaleko jaia ospatu genuen atzo Elorrion. Betiko moduan, ospakizunak arrakasta itzela izan zuen: jende ugari, eta ia 100 bazkari eman genituen, kale erdian antolatutako herri bazkarian. Haurrak ere, mordoa, bazkalosteko jolasetan parte hartzen.
Honez gero jakingo duzue berez ez dagoela Txantxibiri kalerik Elorrion. Izatez Berrio-Otxoa kaleari dagokio gure zatia, Elorrioko kale nagusiari, baina bertan hobekuntzak egiten diren aldiro alde batera uzten gaituztenez, orain lau urte erabaki genuen gure aldeari beste izen bat ematea, Txantxibiri, oso izen lotua Elorriorekin, eta festa bat antolatzea, hobekuntzak aldarrikatzeko gure kalerako.
Orain badakigu Elorrioko Udalean badagoela egitasmo bat zati hau erabat eraldatzeko, Txantxibiri alde hau ibiltarientzako kale egin nahi dute-eta. Egitasmoak itxura ona du, baina ez dakigu noiz egingo den, udala urri baitabil diruz. Egiten bada ere, segituko dugu jaia antolatzen, ondo pasatzen dugulako, eta festak adiskidetasuna zabaltzen duelako auzokoen artean.
Aipatzeakoa da, eta goraipatzekoa, batzorde antolatzaileak egindako lana —goiko argazkian dituzue batzordekideak. Aurretik lan sendo eginda atera dute aurrera festa hau, eguraldiaren laguntzarekin. Bejondeiela! Gainerako argazkiak ikusi nahi izanez gero, egin klik sorta honetan, Flickr-en.