Ingelesa ikastera joan ginen Ipar Ameriketara Bego eta biok, 1981ean izan zen hori, baina lana ere egin behar izan genuen han bizi ahal izateko, zeren joan urtebeterako joan ginen, baina azkenean ia bost urte geroago itzuli ginen etxera. Horietatik hiru Kanadan egin genituen, Vancouverren urte eta erdi, eta Ottawan beste horrenbeste.
Batean eta bestean umezain eta etxezain lanak egin genituen. Nik ere horrela atera nuen bizimodua han nenbilen bitartean. Lan horri esker, aukera izan nuen bertako familia batean bizitzeko eta hango jendearen ohiturak-eta bertatik bertara ezagutzeko. Ingelesa ere ikasi nuen murgiltze eredu erabatekoan.
Mutila izanda ere, umezain izan nintzen zenbait jendek konfiantza izan zuelako ondo egin nezakeela lan hori, aurreiritziak alde batera utzita. Esate baterako, Clif eta Janet Prowse senar-emazteek. Janetek berak arazo asko izan zituen lan egiteko abokatu bezala lehendabizi, eta epaile gisa gero, emakumea zelako, eta, horregatik, ez zuen nahi izan nik arazorik izatea, kasu horretan mutila nintzelako, jeneralean emakumeek egiten duten lan batean. Clif-ek beso zabalik onartu ninduen, bitxia benetan, zeren kasurik gehienetan gizonek ez zuten nahi izaten mutil bat etxean sartzerik, badaezpada.
Ez da harritzekoa hogeita zazpi urte hauetan harremana gorde izana eurekin. Uda honetan ere, euren etxean izan gara, Vancouverren izan garen bitartean, eta erabat etxekotzat hartu gaituzte. Eskerrik asko, berriro ere!