Gero irakurtzea ez da erraza. Noiz edo behin, aurkitzen dut pasarte interesgarriren bat bertan, baina dotrinak berehala gogaitzen nau, liburuari sermoi usaina baitario ia lerro guztietan. Hori dela-eta, sekula ez dut osorik irakurri Axularren lan gorena. Ezin izan dut. Horren ordez, konformatzen naiz noiz edo behin berau esku artean hartzen, eta, horrelakoetan, hasten naiz irakurtzen gogoak ematen didan orrialdean, bost edo hamar minutuz, gehienez jota.
Azken aldi honetan, ostera, nahi dudanean zerbait irakurri euskara klasikoan, batez ere gogoan izateko euskal klasikoek zelan erabiltzen zituzten testu antolatzaileak-eta, Joan Mari Irigoienengana jotzen dut, haren Lur bat haratago liburura. Bertako orrietan ez dago sermoi kutsurik, hori du alde.
Berau irakurrita, konturatzen naiz zein bestelakoa den Interneten darabilgun estiloa, askoz ere zuzenagoa eta arinagoa. Guztiarekin ere, bai prosa ederra Joan Marik darabilena liburu horretan!
Inork Axularren Gero sarean irakurri gura izan ezkero, jakin beza sarean osorik dagoela.
Klasikoen Gordailuan, gure literaturaren aitzindariak izan zirenak batuta daude. Gero bezala, beste hainbat obra osorik. Inprimatzeko moduan eta etengabe eguneratzen ari den gure literaturaren gordailu honetan.
Hasi, Etxepareren Linguae Vasconun Primitiae poesia liburutik, edota XX. mendeko bigarren erdialdeko Jon Miranderen Haur besoetakoa, Piarres Larzabalen Hiru ziren edota Mariano Izetaren Dirua galgarri.
Azken finean, literatura sarean hedatzea du helburu eta xede armiarma.com egitasmoak.
Zorionak Armiarmari, lan izugarri ona egiten ari zarete-eta sarean, kasu hauetan bezala, euskal literatura sareratzen. Segi horrela!