Vancouverren geundela erosi nuen liburu hau, The Twitter Book, eta hegazkinean irakurri nuen —ez harritu, Vancouvertik Bartzelonarako bidaiak ia hamaika ordu irauten baitu—, interes handiz irakurri ere. Zalantza barik, hauxe da Twitter-en gainean orain artean aurkitu dudan libururik onena.
Gida praktiko bat da, Tim O’Really eta Sarah Milstein adituek idatzia, baina oso berezia, antolatuta baitago sei atal handitan:
- Hasi.
- Entzun ondo.
- Piztu elkarrizketa interesgarriak.
- Partekatu informazioa eta ideiak.
- Erakutsi zeure burua.
- Twitter negozioetarako: kontuan hartzekoak eta ideiak.
Azalpenak, beti ere eskuin orrialdeetan idatziak, erraz ulertzen dira, alde batetik oso garbi idatzita daudelako, eta, bestetik, ezker orrialdeetan, adibideak dituztelako argigarri.
Irakasleak baldin bazarete, edo nahi baduzue ondo ikasi zelan erabili Twitter, gogoan izan liburu hau.