Iritsi gara etxera

Azken eguna, Prowse-tarrekin
Neka-neka eginda iritsi ginen atzo eguerdian Elorriora, baina pozik, zeren bidaia luzea izan zen arren —hamar ordu eta erdi Bartzelonara—, dena ondo joan zelako.

Goizeko 06:45etan heldu ginen Bartzelonara. Zortzi ordu itxaron beharra genuen hartzeko Bilborako hegazkina, berau arratsaldeko 15:00ak aldean irteten baitzen. Luze iritzita, erabaki genuen ahalegina egingo genuela bidaia goizeko 09:00etara aurreratzeko, ordu horretan gure konpainiak beste hegaldi bat baitzuen Bilbora. Kostata, iritsi ginen Vueling konpainiaren bulegoetara, eta esprint luzea eginda, justu iritsi ginen hegazkinera. Hiru ordu laurdenetan Loiun ginen. Eta han, Fatima eta Mikel gure zain.

Arratsaldean lo kuluska bat egin genuen, lau bat ordukoa, eta horrek lagundu zigun eguna hobeto igarotzen. Bart gauean, berriz, goizeko 03:00ak aldera esnatu naiz, ordu aldaketak eraginda seguruenik —bederatzi orduko aldea dago Vancouver eta Elorrio artean—, eta horrela egon naiz, egonean, zazpiak arte.

Bidaia zoragarria izan da —barkatu errepikatzen banaiz, baina horrela izan da—, neurri handi batean Prowse familiari esker, euren etxea eskaintzeaz batera, denbora, aholkuak eta arreta ere oparitu baitizkigute. Espero dut berandu baino lehen aukera izango dugula geure artean izan daitezen, Euskal Herrian, ondo zainduko ditugu-eta. Beste horrenbeste esan beharra dugu Bridgertarrak, Shandrotarrak eta Vancouverren bizi diren euskaldunen gainean: gozatu egin digute egonaldia Kanadako mendebalean.

Goiko argazkia ostiral arratsaldean atera genuen, Prowsetarren etxean, afaltzen hasi aurretik. Ezkerretik eskuinera: Miren, Bego, Joxe, David, Clif aita, Janet, Clif semea eta Jen.

Bidaia honetako argazki guztiak Flickr-en daude: lehen astekoak eta bigarrengoak ere bai.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude