Osteguna izan da gure azken eguna Vancouverren. Hotz egin du gauean, eta fresko egin du goizeko lehen orduetan. Horregatik, nagi samar ibili gara arraunean joan aurretik. Egia esan, nik arraunean egin dut Begok eta Mirenek azken orduan bultzatuta, hasieran ezetz esan dut-eta.
Andrea etorri da gure bila, garai batean Begok zaindu izandako neska. Zuzenean joan gara Granville Islandera, handik ginen-eta abiatzekoak. Jantzi, eta berehala joan gara kayak mordoa zegoen lekura, moilara. Andrew gaztea izan dugu gidari. Berak esan ditu atariko hitzak, zelan nabigatu, zelan egin arraunean, eta nondik nora ibiliko ginen. Esan eta egin: laster abiatu gara. Ni Begorekin, eta Andrea Mirenekin; irakaslea, bakarrik.
Itzuli ederra izan da, bi ordukoa, False Creek inguruan zehar. Olinpiar hiriraino joan gara, amaitu barik oraindik, eta handik buelta. Tartean, japoniar arraunlariekin egin dugu topo, entrenatzen suhiltzaileen arteko jokoetarako. Buelta nekatuago egin dugu, baina pozik, batez ere ni, azkenean arraunean egin dugulako.
Betty-renean
Handik Betty-ren etxera joan gara, bazkaltzera. Berriro elkartu gara garai batean Begok zaindu izandako haurrekin, gaur egun ama bihurtuta. Hiru ume izan ditugu geurekin, ez baitira alperrik igaro 27 urte gu hemen bizi izan ginenetik.
Azken afaria
Ilunabarrean, berriz, Prowstarren etxean elkartu gara, gure etxean, azken afaria egiteko, gu etxera itzuli aurretik. Denok izan gara, David eta Nicky barne, nik zaindu izan nuen mutila eta bere neska. David atzo etorri zen Vancouverrera, kontzertu itzulian ibili baita AEBetan, Japandroids taldearekin.
Penaz joango gara Vancouvertik, denak ere oso ondo portatu direlako gurekin, eta ikaragarri ondo pasatu dugulako. Kanada gure bigarren etxea da guretzat, eta Vancouverrek beti izango du toki berezi bat.
Bigarren asteko argazki guztiak Flickr-en dituzue, sorta batean eratuta.