Bartzelonan bero izan genuen, eta Vancouverren ere bero egiten du, hainbestekoa non, esaten dute, errekorrak hausten ari baitira. Atzo Vancouverko Akuariumera joan ginen, eta eskerrak barruan aire girotua zegoela emanda, bestela ito egingo ginen. Etxera bidean ere, autobusean, kiskalduta etorri ginen. Onik, hala ere.
4D zinea
Akuariumean 4D filma bat ikusi genuen, ordu laurdenekoa. Anteoju bereziak eman zizkiguten, 3D inpresioa jaso genezan, baina han beste zerbait ere bazegoen, horregatik 4D izena. Balea bat uretara jausten zenean, airean salto handia eginda, guk ere ur zaparrada txikia jasotzen genuen, denon harridurarako. Ura, haizea, usaina, besaulkiko mugimendua… horrek guztiak eskaintzen dira 4D esperientzian. Pentsa dezakezuenez, mundu guztia ulu batean, pozez zoratzen, halako esperientzia sentsoriala jasota.
Beluga baleak ere ikusi genituen, bat jaio berri samarra. Baita izurdeak, marrazoak, dortoka erraldoiak, krokodiloak eta akuarium gehienetan ikusten diren animaliak. Batzuk ikusteko, ordea, kanpora irten behar izaten genuen, eta orduan ematen zuen ingurua sutan zegoela, halako beroa egiten baitzuen.
Bisitarien artean suhiltzaile piloa ikusi genituen, Espainiakoak, Frantziakoak, Australiakoak… mundu guztikoak, egun hauetan kirol lehiaketa handi bat izango baitute Vancouverren, nazioarteko suhiltzaileen artekoa. Tartean Bilboko suhiltzaileak ere izango dira, egutegi hartan agertu zirenak, gihartsu asko.
Bridgertarrak
Iluntzean, berriz, afaria izan genuen Bridger familiarekin. Sasoi batean, orain 27 bat urte, Begok zaindu zituen hango bi alaba, Andrea eta Nicole. Atzo, ostera, orduko neskatilak ama bihurtuta etorri ziren, senarrekin eta umeekin. Afari atsegina izan zen, aspaldiko kontuak kontatzen, eta kontu berriak jorratzen. Harrituta nago hemen egiten diren edariekin. Aurrekoan ardo zuria izan genuen, Okanagan bailaran egindakoa, oso ona. Atzo, berriz, garagardoa probatu nuen, Okanaganen egina hori ere, eta ezin hobea.
Atzoko argazkiak ere sorta batean jarri ditugu, Flickr-en. Slideshow loturan eginez gero klik, diapositiba pase moduan ikusiko dituzue.