Bezperako nekerik ez errepikatzeko, asteartean erabaki dugu lasai ibiliko garela. Horregatik, Granville Island-era joan gara, batez ere bertako merkatua eta inguruak ikustera. Kanpoan 35 gradu egiten zuen, bero —hemen diote bizitzan behin tokatzen direla horrelako beroak Vancouverren, eta gehienek ez dutela horrelakorik ezagutu—, baina merkatuan oso giro ona egiten zuen.
Orain 26 urte ere Granville Market zen guretzat lekurik gogokoenetako bat: sarri etortzen ginen hona, giro paregabea egiten baitzuen. Gaur ere, horrela izan da, eta Miren alabari izugarri gustatu zaio. Bazkalostean, kanpora irten, eta lasai jarri gara, musika entzun eta giroa ikusten. Fruta erosi, eta etxera egin dugu, arratsaldeko bostak eta erdietan neskak erosketak egitera joan behar ziren-eta etxeko andrearekin.
Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, Flickr-en ari gara denak ipintzen, propio sortutako sorta batean.