Anaia txikia

Zenbait adituk Anaia txikia esaten diote lan egiteko era honi. Amazon liburu dendan
sartzen garen bakoitzean, arrastoak uzten ditugu: liburu jakin
batzuetan bakarrik egiten dugu klik, guri interesatzen zaizkigunak.
Amazonen robotak, anaia txikiak, zaindu egiten ditu gure mugimendu
guztiak, eta ondorioak ateratzen ditu: “Joxeri gustatzen zaizkio
teknologia berrietako liburuak, diseinuari buruzkoak eta Apple
enpresaren produktuak lantzen dituztenak”. Hori horrela da. Hortik
aurrera, Amazonek astean behin bidaltzen dit mezu bat posta
elektronikora, eta mezu horretan ematen dit informazioa ustez niri
gustatzen zaizkidan liburu horien inguruan.

Horrekin batera,  klik egiten dudanean liburu batean, Amazonek esaten
dit: “liburu hori erosi duen zenbait jendek beste liburu hauek ere
erosi ditu”, eta erakutsi egiten dit zer liburu diren horiek. Behin
baino gehiagotan, kontuan hartzeko proposamenak ikusi ditut iradokizun
horretan. Ikusten? Amazonek zelatatu
egiten nau, zelatatu egiten gaitu, baina informazio hori erabiltzen du
bere zerbitzua hobetzeko. Horregatik esaten zaio teknika horri Anaia
txikia, eta ez Anaia handia, azken honek oso konnotazio negatiboak
dituelako, esan nahi baitu kontrola eta zaintza, askatasuna murrizteko.

Googlek
gauza bera egiten du. Etengabe ari da ondorioak ateratzen guk bere
bilatzailean uzten dugun informazioan, guri eskaintzeko bere zerbitzuak
modu zehatzagoan. Googlek ez digu kobratzen bilatzailea, posta
elektronikoa edo Office paketea erabiltzeagatik, baina, horren truke,
publizitatea bidaltzen digu bilaketa bakoitzean, oso publizitate
diskretua, bilaketaren eskuineko zutabean. Kontua da publizitate horrek
zerikusia duela guk egindako bilaketarekin. Beraz, hartzen du balio
erantsia: bilaketak ez badu balio, akaso publizitatean aurkituko dugu
geure galderaren erantzuna. Hor ere Anaia txikia ari da lanean, gure
mesederako.

Gai hau ere jorratu nuen joan den asteazkenean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroan, eta ikus daiteke bertan erabili nuen aurkezpenean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude