Sustatu vs ZuZeu?

Atzo izar bat gehiago agertu zen, erabat berria, euskarazko komunikazioaren esparruan: ZuZeu albistari digitala. Harritzekoa bada ere, salbuespenak salbu, sarean ez nuen igarri bozkario berezirik, euskaraz bizi garenon informazio esparrua zabalduko delako (Sustatun, adibidez, albisteak ez zuen erantzunik jaso), baina bai zelabaiteko kezka, Hasier Etxeberria ZuZeu albistariko bultzatzaile nagusiak Komunikariak sarean idatzi eta Sustatun bertan agertutakoagatik: “Behingoagatik euskarazko sarearen tripetan konpetentzia dagoela dirudi”.

Bat bitan banatzen da?
Errepikatu egingo al da, beste behin, euskaldunon arteko betiko
madarikazioa, alegia, bat bitan banatzen dela beti? Euskaltzaindia vs
Euskarazaintza, HPS vs Kontseilua… Kanpotik ari naiz hitz egiten, baina
ez zait iruditzen beldur horrek funts sendorik duenik, hasteko ZuZeu ez
delako Sustaruren eszisioa. Antza denez, Hasier Etxeberriak eta
Luistxo Fernandezek elkarrekin hitz egin zuten ea zerbait egin
zezaketen batera, baina ez bide ziren ados jarri. Kito.

Nik, berriz, beste modu batean ikusten dut egoera. Nire autoaren
irratian hainbat irrati-emisora dauzkat memorian sartuta: Euskadi
Irratia, Gaztea, EITB Irratia, Herri Irratia… Hori bitasuna baino
gehiago da: lautasuna, bai, gutxienez. Baina ez naiz kexatzen,
eskertzen baitut aukera gehiago izatea.

Iruditzen zait batak zein besteak —Sustatuk nahiz ZuZeuk— posizionatzea
dutela desafio handien euskal sarelarioi begira, produktu desberdinak
eskaintzea, nahiz eta biek informazioa erabili lehengai, eta
horretarako, asmatu beharko dute erabiltzaileei entzuten.

Flickr eta Facebook
Beharbada adibide bat jarrita hobeto ulertuko da zer esan nahi dudan. Flickr 2004an sortu zen jendeak argazkiak parteka zitzan Interneten. Beraz, argazkiak dira bere espezialitatea. Facebook, ostera, urte berean jaio zen, baina sare sozial gisa.

Kontua da gaur egun askoz ere argazki gehiago daudela Facebooken Flickr-en baino, nahiz eta hori ez izan Mark Zuckerberg-en
hasierako asmoa. Horrek kalterik ekarri dio Flickr-i? Bat ere ez.
Zergatik? Bitartean, Flickr ere aldatzen joan delako: hasieran zen
zerbitzu bat familiari eta lagunarteari begira, baina azken urteotan,
aldatzen joan da, eta gaur egun da argazkizale potenteen sare eta
erakusleiho globala. Flickr-ek erakutsi du badakiela entzuten, eta joan
da sortzen bere erabiltzaileek aldian-aldian eskatutako azpiegiturak.
(Gainera, argazkizale sutsu horietako askok eta askok pro kontua dute Flickr-en, eta urtean 25 dolar ordaintzen dute, argazkiak muga barik igotzeko)

Hala Flickr-ek nola Facebookek argazkiak kudeatu behar dituzte euren
negozioetan, baina biak dabiltza olatuaren aparretan, bakoitza bere
nortasunarekin.

Sustatu eta ZuZeu
Atzo ezkero, beste panorama bat dugu euskarazko komunikazio digitalean,
orain aukera bat gehiago dugulako. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu:
Sustatuk ia zortzi urteko historia, sinesgarritasuna, eta
etorkizunerako asmoak. ZuZeuk, ilusioa eta anbizioa gauzak ondo
egiteko. Arrakasta izango dute, asmatzen badute euskal sarelarion
nahiak entzuten eta interpretatzen. Nik horixe opa diet.

Bitartean, “kanta dezagun denok, hau degun alaia, ZuZeu jaio da-eta, kanta aleluia!”

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Sustatu vs ZuZeu?-ri

  1. egilea: Asier Lozano

    Zurekin ados nago. Niretzat hobe da beti aukeratzeko parada izatea. Egia esan…ez dut ondo ulertzen polemikaren arrazoia :

  2. Pingback: ZuZeuk lau urte ditu gaur | zuzeu.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude