Atzo Bilbon izan nintzen, Cirque du Soleil ikusten. (Ez, ez nituen
ikusi Patxi Lopez eta Basagoiti, baina bai agintari eta jende ospetsu
asko.) Beste behin, liluratuta irten nintzen zirku horretatik. Haria
beste batzuetan baino meheagoa iruditu zitzaidan Varekai ikuskizunean,
baina atal guztiak ikusgarriak izan ziren.
Cirque du Soleil izugarria da: zirkuaren krisirik sakonenean,
berrasmatu egin zuen zirkua: hartu zituen zirkuaren eta Broadwayren
elementurik komenigarrienak, eta munduko zirkurik onena egin zuen. Dena
da polita bertan: koreografia, musika, jantziak, umorea… Aukerarik
baldin baduzue Varekai ikusteko, ikusi, ez zarete-eta damutuko.