Senarra zen idazlea —Farley Mowat, ikono bat
Kanadan—, baina, ez dakit zelan, haren emazte ezezagunaren liburua
erosi nik, The outport people. Artean Ottawan bizi ginen, 1984a
inguruan, eta ez nintzen bat ere damutu hori egin izanaz, liburu
horretan Claire Mowat idazle hasiberriak maisuen pare kontatzen
baitzuen zelan senarra eta biak joan ziren Ternuako hegoaldera bizi
izatera, biderik gabeko herritxo batera, non sukaldea beti zegoen
zabalik, hori baitzen han ohitura, auzoen sukaldeetan sartzea, eta
begira jartzea. Errepiderik ez, autorik ez, telefonorik ez. Hala ere,
bost urte egin zituzten han.
Noiz edo behin denok sentitzen dugu
premia zoro hori, norabaitera alde egitekoa, beste mundu batzuk
ezagutzeko. Baina haiek joan zirenean ez ziren umemokoak, baizik eta
jende heldua eta finkatua.
Aurrekoan, Aitor Arregi lankidearekin
hizketan ari nintzela gogoratu nintzen liburu horretaz, eta horregatik
nahi izan dut hona ere ekarri, orduan oso gustura irakurri nuelako.
Hamar-hamabi urte izango nituen Selecciones del Reader’s Digest-eko Libros Condensados hartan irakurri nuela Agonia de una ballena, Farley Mowat-ena. Oroitzapen oldea ekarri dit gaur zure mezua irakurtzeak… Eskerrik asko.
Aurrekoa neu nintzen. Izena jartzea ahaztu.
Aupa, Jozulin! Farley Mowat-ek asko idatzi du izadiaren inguruan. Film bat ere egin zuten haren eleberri batean oinarrituta, Never Cry Wolf, oso polita. Gainera, Mowat-ek behin baino gehiago sartu ditu euskaldunak bere lanetan.