Irakurri berri dut Kirmen Uribe idazlearen azken liburua, Bilbao-New York-Bilbao, gustura irakurri ere. Badakit egurra eman diotela, dezente, liburuari, ustez lotura bako zatiz osatua omen dagoelako, baina niretzat liburuak badu lotura bat, Kirmen bera, liburu honetan bere iragana eta oraina bilatzen ari baita, bidaia baten aitzakian.
Gogoko dut bere prosa, poetikoa eta dotorea askotan, erraz irakurtzekoa. Eta gogoko dut bere zintzotasuna.
Ba, Sarasola vs. Uribe afera horrek, baditu neretzako irakurketa asko, gure “munduan” kritikak duen indar basatiaz.
Zeinek kritika ditzazke kritikariak?
Ez al da errezagoa kritika, sorkuntza baino gehiago?
Kritikariak, agian ere egiaztatu beharko ditu titulu bidez, autoreak baino merito berdin edo gehiago,…ezta?
Alegia,
zein errez egiten diren kritikak eta zein ondo jasotzen diren?
Hainbeste kritikarekin,
zeinek sortuko du?
Ez nago ados.
Ez ditut kritiko “kualifikatuak” ikusten. Autoreari komentarioak noski, bere hobebeharrez. Baina, gure kulturak, gehiago du joera kritikaren kritikara…sortzen hastea baino.
Seinale txar. Aurreiritziak out!
Ps:
Por zierto, mezu bat bidali nizun twitter bidez eta missing.
(iritsi da?).
Egun on.
Hemen entzun dezakezu Kirmen Katixa Agirrerekin liburuaz berbetan: http://ttiki.com/2054
Ez nago ados, Igor. Uste dut kritikak baduela lekurik gure artean, oraindik. Izan ere, irudipena daukat promozioak espazio gehiago hartzen duela gure kulturan, eztabaidak baino. Eta eztabaida, berez, promozioa baino sortzaileagoa dela. Hots, ez nago ados esaten duzunean “gure kulturak, gehiago du[ela] joera kritikaren kritikara…sortzen hastea baino”.
“Hainbeste kritikarekin, zeinek sortuko du?” esaten duzu orobat. Ba, kasu honi gaizki egokitzen zaio esaldia, Beñat Sarasola, kritikaria ez ezik, “sortzailea” ere badelako, eta 2007ko poesia liburu interesgarrienetako baten egilea bide batez esanda (“Kaxa huts bat”). Hori, ahaztu gabe kritika ere, lehen aipatu dudan bezala, sortzailea izan daitekeela, sorkuntza alegia (geroz eta gehiago, gainera, egunkarietako kritikez ari ez naizen arren, nagusiki).
Beñat Sarasolaren kritikaren puntu batzuekin ez nago guztiz ados (beste batzuekin bai), baina uste dut errespetutik eginda dagoela, oinarriak dituela eta, tira, iritzi bat gehiago dela, ez gehiago, ez gutxiago, liburuaren irakurketa posibleen gako batzuk eskaintzen dituena. Onartzen dut, ordea, ekarri duen eztabaida ez dela oso mamitsua izan eta, gainera, okerragoa dena, pseudonimoen babesean burutu dela, nagusiki, hots, iritzien erantzukizuna onartu gabe, niretzat balioa murriztu ziona (eztabaidari, eta botatako iritziei, hala alde nola kontrakoei). Agian horregatik hartu du Joxe Aranzabalek liburuari “egur dezente eman diotenaren” sentsazioa; niri ez horrenbeste, ordea. Baina, edonola ere, horretan errua ez da Beñat Sarasolarena, ezta ere, interneteko erabiltzaileok daukagun joera jakin batena baizik.
Oinarririk gabeko kritika jipoitzea ondo iruditzen zait, Igor. Baina kritikaren kontra aritzea, besterik gabe eta orokorrean, pobre samarra iruditzen zait.
Ondo izan.
Asko gustatzen zait kritiken inguruko eztabaida hauek. Nire ustez bai estatu espainiarrean baita Euskal Herrian ere inbidia da nagusi eta ondorioz sorkuntza oro kritikatzeko joera dago.
Ados nago Iban kritikak behar direla baina ados egongo zara baita ere (eta gaizki gogoratzen ez badut zuk aipatu zenuen sustatu.com web guneko 5. urteurreneko jaian) kritikari ugari baldintzatuta dauela eta askotan egokiak izango litzateke kritikak anonimoak izatea. 111 akademian irakurleok pentsatzen duguna beldur gabe azalaratzeko anonimotasuna erabiltzen dugu (gauza nahiko eztabaidagarria agian norbaitek anonimotasun hortik irten nahi baldin badu).
Besterik gabe, amaitu esanez kritikak bai baina beti ere erantzuteko aukerarekin. Eta onartuz lehenik eta behin sortzea oso zaila dela.
**BTR**
Inbidia leku guztietan da errege (edo erregin, auskalo). Baina, hori alde batera utzita, ez dut uste gure artean kritika gogorragorik egiten denik gure inguruko herrialdeetan baino: literatur kritikari dagokionean, irudipena daukat askoz ere basatiagoa (eta oinarrituagoa, orohar) dela Frantzia edo Alemaniakoak bezalako panorametan, gurean baino. Hemen agian orain hasi dira kritika “ez horren on” gehiago ateratzen (Kirmen Uribe baino askoz ere egur gehiago ari da jasotzen, esaterako, Hedoi Etxarteren “Suzko lilia” liburua…), baina susmatzen dut idazle gazteenek edo babesgabeenek jasotzen dituztela kolperik handienak, ez horrenbeste kontsakratuenek.
Eta niri, sentitzen dut, anonimotasunarena oztopo bat iruditzen zait oraindik ere, tajuzko kritika egin ahal izateko. Hain zuzen ere zuk zeuk aldarrikatzen duzun kritikaren kritika egiteko oinarria murrizten duelako. Eta erantzukizunez jokatzea eragozten duelako, noski. Bide batez, hitzaldi horretan ez ez dut uste kritikaren anonimotasuna aldarrikatu nuenik; akaso, Joxean Agirreren “Romain zen bere izena” eleberriaren atarian zegoen proposamen bat jasoz, egileok izan behar genuela gure obrak sinatzeari utzi behar geniena, denbora batez bederen. Kritikaren boutadeari dagokionean, kritikoek liburuak izartxoekin edo zenbakiekin puntuatzeko eskatzen nuen, gaizki gogoratzen ez badut, kritikari ezberdinen puntuaketei Metacritic bezalako bataz-bestekotze sistema bat aplikatzeko alegia.
Eta bai, ados nago, sortzea zaila da. Batez ere zerbait ona sortzea. Baina baita kritika on bat idaztea ere. Kritika ere, Oscar Wildek iradokitzen zuen bezala, artea baita, sorkuntza.
kritikariak kritikatu behar direla? noski. Idazleak kritikatu behar diren moduan.
Niri atentzioa deitu didana Igor Calzadak “Sarasola vs. Uribe afera” deitzea izan da, egon den mobida guzti honi. Afera egon al da ba? eta afera egon bada, Sarasola eta Uribe partaide izan al dira ba?
Hasteko, Sarasolak idatzi zuen artikuluak ez du aferarik sortu: kritika bat idatzi zuen, zilegia hemen eta Madagaskarren. Jarraitzeko, ez dut uste Uribek afera (inesistentea) jarraitu duenik, ez diot inon irakurri kritikaren “kontra” dagoenik. Beraz, non dago afera, eta non dago zorioneko versus-a? Uneren batean egon al dira ba, Sarasola Uriberen kontra, eta Uribe Sarasolaren kontra?
Gauzei bere izenez deitu behar zaie. Bestela, gaizkiulertuak eta txintxirrimantxarrak gero…