(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian)
Udako oporretan hiru liburu
irakurri ditut, zein baino zein interesgarriagoa. Hirurek gaurkotasun
handia dute, lotuta baitaude gaur egungo egoerarekin, batez ere
teknologia berriak gure gizartean eragiten ari diren aldaketen
inguruan. Ondo baderitzozue, aurkeztu egingo dizkizuet liburuok:
The world is flat
The world is flat da lehena, Thomas L. Friedman kazetariak idatzia. Gaztelaniaz ere aurki daiteke, La tierra es plana
izenburuarekin, Planeta argitaletxean. Mundua laua dela dio egileak,
eta horrekin esan nahi du konektatuta dagoela: hesi ekonomikoen eta
politikoen jausteak ekarri du, iraultza digitalarekin batera, aukera
paregabea negozioak egiteko milioika lagunekin munduan barrena. Hau ez
da gertatu goizetik gauera, baina bai oharkabean askorentzat, guztion
begiak irailaren 11n eta Irakeko gerran zeuden bitartean. Glozalizazioa
3.0, berak horrela deitzen baitio, ez da enpresa handiek bultzatua,
baizik eta gizabanakoek eraginda: freelance eta enpresa hasi
berriak mundu osoan, baina batez ere Indian eta Txinan, gero eta pisu
handiagoa hartzen ari dira, gai baitira lehendabizi soldata txikiko
lanak bereganatzeko, baina baita goi mailako lan sofistikatuak ere.
Friedman-en
iritziz, mendebaldarrok azti eta zuhur jokatu beharra dugu mundu lau
honetan, mundu bat non indiarrak eta baita txinatarrak ere,
nabarmentzen ari diren. Ikasi beharra dugu merkatu global batean lan
egiten. Horrek arriskuak ekarriko dizkigu, orain lehen baino milioika
lagun ari baitira beharrean, guk egiten ditugun lan asko guk bezain
ondo eta merkeago egiteko prest. Baina, azti jokatuz gero, aukerak ere
ikusten ditu egileak. Liburu mardula da, 660 orrialde, baina erraz
irakurtzekoa, oso estilo bizian idatzita baitago.
The big switch
The big switch
da bigarren liburua, (Aldaketa handia), Nicholas Carr idazleak egina.
Azpititulua ere adierazgarria du: “mundua birkableatzen, Edisonengandik
Googlera”. Dirudienean gaudela aurrekaririk bako iraultza teknologiko
baten erdian, egileak dio iraultza digitalak antz handia duela, gero
eta handiagoa, orain mende bat argindarrak ekarri zuenarekin.
Informatika dagoeneko ez da pertsonala, Carr-en ustez, eta laster bihur
daiteke zerbitzu publiko bat, zenbait enpresak eskainia, eta gobernuek
gainbegiratua. Garai batean, enpresek eurek sortzen zuten argindarra,
joan den aleko artikulu batean idatzi nuen bezala, harik eta zenbait
enpresa agertu ziren arte, Iberdueroren tankerakoak, zerbitzu hori
merkeago eskaintzen zutenak. Carr-en aburuz, antzeko iraultza baten
erdian gaude, aurrerantzean gero eta zerbitzu informatiko gehiago hodei
informatikoan aurkituko ditugu, hor nonbaiteko zerbitzarietan.
Trantsizio horren ondorio sozialak eta ekonomikoak ilun samarrak izango
dira, egilearen ustez. Aberastasuna gutxi batzuen esku finkatuko da,
eta zenbait industria, prentsa idatzia bereziki, desagertzeko zorian
izango da.
Don’t bother me mom
Hirugarren liburua da Don’t bother me mom —I’m learning,
(Ez gogaitarazi ama —ikasten ari naiz), Marck Prensky-rena. Gure
seme-alabek gero eta denbora gehiago igarotzen dute pantailaren
aurrean, bideo edo ordenagailu jokoetan, eta horrek ika-mika ugari
sortzen ditu gurasoon artean. Marc Prensky hezkuntza software
garatzailea da, eta bideo jokoen alde dago. Haren ustez, “gazteak askoz
ere gauza positiboagoak eta erabilgarriagoak ikasten ari dira bideo
jokoetan eskolan baino”. Prensky saiatzen da gurasoon eta irakasleon
beldurra uxatzen, eta azaltzen du gaztetxoek zelan ikasten duten
jolastu bitartean. Tartean, informazio ugari ematen du bideo jokoen
gainean, eta argibide ugari, zelan hurbildu gazte horiengana.
Hiru
liburuak oso ondo idatzita daude, eta erraz irakurtzen dira. Hirurek,
gainera, lan ona egiten dute gure inguruan gertatzen ari diren
aldaketak hobeto ulertzen. Horregatik, hirurak dira gomendagarriak.
Oso interesgarria hirugarrena (sekretutxo bat: Joxek pasatu egin dit, eta horrela irakurri dut).
Lehenari buruz (The World is Flat), anekdota. Akaso pentsa dezakegu berrienari eta etorkizunari zuzendutako lema hauek ateraldi novissimoak direla… baina, hara non aurkitu dudan lema hori, Mundua Laua Da, 1968ko film batean. Peter Sellers-en The Party zoragarrian, elefantea daramatenean etxera, muturrean du margotua lema hori elefanteak, The World Is Flat. Nola ez dudan liburua irakurri, agian han ere aipatuko da lema ez dela berria, film horretan ez bada, 1960ko hamarkadako eslogan kontrakulturala dela.
Beste lema moderno bat, Print Is Dead. Papera hilda dago. 1984ko film batean aurkitu dut hau, Ghostbusters-eko Egon Spengler doktoreak pronostikatu zuen.
Bien azpitituluak aurtengo Gabonetan euskaratu ditut, umeei erakusteko film zoragarri horiek, eta halaxe egin dut topo bi esaldiekin.
Euskaratutako azpitituluak, webgunetxo honetan.
Pozten naiz, Luistxo, Prenskyren liburua interesgarri iruditu zaizulako. Eta a zelako lana egin duzun beste bien izenburuen genealogia bilatzeko. Zorionak!