(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian).
Behin eta berriro aipatzen
dugu teknologia berriak zein inportanteak diren, zer betebehar
interesgarria duten irakaskuntzan, zelako garrantzia duten
euskararentzat…, baina bideo jokoak erabat ahaztuta ditugu, munduan
horrelakorik ez balego bezala. Hala ere, estatistikek erakusten digute
AEBetan bakarrik 2007an 9.500 milioi dolar saldu zirela bideo eta
ordenagailu jokoetan. Hori nahikoa ez-eta, uste dugu bideo jokoak ez
direla onak, bakartu egiten dituztela gure seme-alabak, eta biolentziaz
josita daudela. Alemanian, berriz, bertako gobernuak erabaki du Bideo
Jokoen Garatzaileen Elkartea bertako Kultura Kontseiluan sartzea, eta
horrekin ezin garbiago adierazi du bideo jokoak kultura direla.
Errepikatzen
ari gara gure gurasoen jokabidea komikien inguruan: haserretu egiten
ziren komiki asko irakurtzen genituelako, esanez tontotu egingo ginela,
haiek ez zirela gauza serioak. Ez zuten ulertzen oso ondo pasatzen
genuela, eta, komikien bidez, irakurtzen ari ginela, eta sozializatzen,
behin komikiak irakurrita, trukatu egiten baikenituen. Handik
liburuetara pasatzea jauzi naturala izan zen. Baina orain, guraso egin
garenean, gauza bera egiten ari gara bideo eta ordenagailu jokoekin.
Haserretu egiten gara geure seme-alabak ikusten baditugu pantaila
aurrean jolasten.
Hala ere, berandu baino lehen, hobe dugu
aurreiritziak astintzea. Bideo jokoak aspaldi sortu ziren, lehena,
1947an. Hala ere, gizarte fenomeno bihurtu zirenetik, era askotako
bideo jokoak egin dira, batzuk oso arrakastatsuak, eta milioika lagunek
erabili dituzte denbora pasa moduan. AEBetan, batez besteko jokalariak
35 urte ditu eta 12 urte daramatza jokatzen. Ikusita bideo jokoen
eragina jende horren heziketan, gero eta jende gehiago ari da eskatzen
bideo jokoak erabiltzea irakaskuntzan.
Zorionez, gure artera ere
iritsi dira ahots horiek. Uda honetan, EHUren Udako Ikastaroetan, gai
hori jorratu zen: “Bideo jokoak: hezkuntza, sozializazioa eta
berrikuntza”. Eta bertako zuzendariak, Javier Etxeberriak garbi
adierazi zuen hezkuntzan bideo jokoei eman beharko zaiela duten
garrantzia. Horretarako komeni dela helduei, irakasleei bereziki,
erakustea zelan dabiltzan bideo jokoak. “Beste proposamen bat izan
daiteke
hautazko ikasgai moduan bideojokoak erabiltzen ikastea. Hobe da hau
taldean egitea bakarka baino, honela, buruko nahasteak saihestuko
bailirateke (…)”. Javier Etxeberria ez da edonor, curriculum zabala
du eta CSIC erakundean irakasten du, Zientzia Ikerkuntzen Kontseilu
Gorenean. Bada, haren iritzian, “Bideojokoek xehetasuna, azkartasuna,
egokitzapena,
ikasketa eta gaitasun kognitiboak garatzen dituzte. Gainera,
hezkuntzarako, berriztapenerako eta sozializaziorako garrantzitsuak
dira. Era berean, hauei esker haurrak autodidaktak eta kooperatiboak
dira eta sozializatzen laguntzen die (…)”. Zeri begira gaude bideo
jokoak gure curriculumean sartzeko?
Aupa Joxe!
Arrasaten Infonomiakoak egon zirenean aipatu zuten Gamer Generation delakoa.
Hona hemen bideo bat Antonella Broglia Gamer Generation eta enpresei buruz hizketan.
Glosategira beste terminu bat gehiago 😉 ?
Bai, izan liteke termino bat gehiago glosategirako. Eskerrik asko, Mikel!