Joan den astean Enrique Dans blogariaren mezu batean ikasi nuen zer diren zilarrezko surflariak. Gainera, jakin nuen ni ere kategoria horretan sartzen naizela. Bitxia iruditu zitzaidan, eta berehala prestatu nuen sarrera bat Komunikazio-glosategirako:
- zilarrezko surflari. (silver surfer). (Internet) Pertsona adinekoa da, jeneralean 50 urte baino gehiago ditu, eta ordu asko igarotzen ditu Interneten nabigatzen. Izatez, Silver surfer —hortik baitator izena— komikietako heroia zen, ahalmen handikoa, eta unibertsoa zeharkatzen zuen bere oholaren gainean.
Silver horrek badu, bestalde, zerikusirik goiko definizioarekin, zeren adin horretako jende askok —ez denok, bistan da, zenbaitzuri apenas geratzen baitzaigu ilaje handirik kaskoan— urdinduta baitute ilea. Betoz, bada, zilarrezko surflariak, beraiena izango baita erretiratuen paradisua.