Arrasate Pressek 20 urte bete ditu

1988ko abenduaren 2an, ostirala, kaleratu zen Mondragoen Arrasate Press
herri aldizkariaren lehen zenbakia.
Gaur inork ez du txapligurik botako
20. urteurren hori ospatzeko, gaur egun Arrasate Pressik ez delako, 2000.
urtean beste proiektu zabalago batean uztartu baitzen, Goiena
proiektuan. Hala ere, orain hogei urte, Arrasate Press mugarri bat izan
zen, euskarazko prentsa lokalaren loraldia ekarri baitzuen Euskal
Herrira.

Hilabete
batzuk lehenago, lau lagun elkartu ginen AED euskara elkartean,
Mondragoen bertan, eta hasi ginen pentsatzen merezi ote zuen herri
aldizkari bat egitea erabat euskaraz: Jose Mari Eraña udal idazkaria
zen garai hartan Arrasateko Udalean, Joxe Felix Diaz de Tuesta, euskara
teknikaria udal berean, Iñaki Mendiguren itzultzailea eta ni, irakaslea
Bergarako Udal Euskaltegian. Batez beste 35 bat urte genituen. Beraz,
ez ginen ume mokoak. Une
hartan, gainera, laurok genituen zuzendaritza ardurak gure lanetan.
Hala ere, batek bakarrik zuen kazetaritza esperientzia, nik, baina oso
esperientzia laburra, zeren hamaika urte lehenago Garaia aldizkarian
egin nuen lan bospasei hilabetez. Hala ere, denok erakutsi genuen
bagenuela kazetaritza sena, eta horrek bultzatu gintuen aurrera egitera.

Lehen ale hura egiten beste zenbait jendek ere parte hartu zuen: Bego
Zubia
eta Juan Luis Azkarate kazetariak eta Amaia Garro publizistak.
Denek, Jose Luis Agoterekin batera, gau pasa egin behar izan zuten alea
garaiz irten zedin. Beste horrenbeste egin behar izan zuten Gertu
inprimategiko lagunek. Erditze gogorra izan zen, denok ere genuelako
eskarmenturik, baina poza ere izugarria hartu genuen.

Inork nahi badu irakurri Arrasate Pressen historia, Google Docs-en aurkituko du nire lan bat, aurkeztu nuena 2008ko ekainean Euskal
Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

4 erantzun Arrasate Pressek 20 urte bete ditu-ri

  1. egilea: Goio A.

    Nola aldatu diren gauzak!

    Teknologiatik begiratuta, oso modernoa zen Arrasate Press baina, gaurko egunetik begiratuta harrigarriak da ikustea orain 20 urteko ordenadore berritzaileenen (eta garestienen) ezaugarri teknikoak:

    • Disko gogorra: 2 mega.
    • Prozesatzailearen abiadura: 128 KB.
    • Pantaila: 12 hazbete. Zuri-beltzean.
    • Prezioa: 2.600 dolar.

    Horrelakoak ziren Mac Plus ordenadore zoragarriak.

    Hasi, gaur egun, 24 orrialdeko astekaria egiten horrelako hiru ordenagailuekin!

  2. egilea: Anonimoa

    Aupa, Joxe:

    Irakurri diat Arrasate Pressi buruz Faroan eta Sustatun egindako
    testua. Gaurko urteurrenaren oroigarri polita, benetan!  Testu horretan
    diok guretariko inork ez zuela kazetaritzan eskarmeturik. Nik esango
    niakek guretariko inork ez zuela komunikagintzako kudeaketan
    eskarmeturik. Izan ere, Arrasate Pressen eta geroztik sortutako
    aldizkari eta herri komunikabideen arrakasta ez zetorrek, nire iritziz,
    kazetarigintza eredutik bakarrik. Hortik ere bai, jakina: produktuak
    arrakasta handia izan zian, Argiak eta Egunkariak merkatuan zuten/duten
    ezarpena ikusi besterik ez zagok. Komunikabidearen kudeaketa eredua,
    ordea, erabakiorra izan zuan produktua(k) egingarri izan zitezen:
    Erañak proposatutako eredua (diru publikoa-publizitatea-herri
    erakundeak-euskara elkarteak) arrakastatsu gertatu duk eta bera gabe
    ezingo zuan produkturik merkaturatu. Herritarrek Arrasate Press baino
    ez ziaten ikusi, baina atzean kudeaketa sistema iraultzailea zegoan,
    artean euskalgintzan sekula erabili gabea. Produktua eta kudeaketa,
    biak izan zituan berritzaileak eta, aldi berean, biak ezinbestekoak
    aurrera egiteko.

    Besterik ez, Joxe, besarkada bat eta gero arte,

    Joxefe

  3. egilea: Alber

    Arrasate Pressi esker beste hainbat eta hainbat aldizkari sortu ziren zuek ekindako bidea jarraituz. Zuen lorratza jarraituz errazagoa izan genuen besteok. Zorional lehen pausoa eman zenutelako eta eskerrak zuen esperientzia transmititzen jakin zenutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude