Euskadi Irratian entzun nuen atzo, behin oporrak amaituta, blog asko geldirik daudela, lozorroan moduan. Blogariok alpertu ote gara?
Nik ere ez dut egunero idatzi behin 2008-2009 ikasturtea hasita. Baina ez nabil alpertuta. Prestatzen nabil beste proiektu bat, glosategi bat komunikazioaz, eta egun hauetan horrek kendu dit denbora. Egindako lanaren zati bat, tipografia glosategia, joan den astean argitaratu nuen hementxe bertan, baina baditut tartean beste lan batzuk proiektu horretan.
Beraz, bai, gutxiago nabil idazten neure blogean, baina sarean nabil, hala ere. Oraingoz ez naiz alpertu.
Nik uste sarea gero eta konplexuagoa den heinean, gure komunikazio-beharra deszentralizatzen ari garela. Neri komentatu didate noiz edo noiz, “aspaldi ez duzu sarean idazten”, baina hor dago Eibartarrak posta zerrenda, txarangaren bloga, jai elkartearen bloga, auzoko herritarron plataformaren bloga, twitter, tagzania, flickr, youtube, facebook, fotolog, tuenti… ai ene!! Blogariak alpertu? JA!