Will Richardson pedagogoari irakurrita, jakin dut Nicholas Carr idazleak artikulu bat idatzi duela The Atlantic aldizkarian, Is Google Making Us Stupid? (Googlek lerdoak egiten gaitu?), eta artikulu horretan hausnarketa egiten duela, besteak beste, zelan aldatu den egilearen beraren irakurtzeko modua. Hona hemen hausnarketaren zati bat, modu librean euskaratuta:
- Azken urteotan irudipen desatsegina izan dut baten bat katxarreatzen ibili dela nire garunetan, zirkuitu neuronalak berrantolatzen, oroimena birprogramatzen. Nire adimenak ez du hutsik egin —hori uste dut, behintzat—, baina aldatzen ari da. Dagoeneko ez dut pentsatzen lehen egiten nuen eran. Eta hori igartzen dut batez ere irakurtzerakoan. Lehen erraza egiten zitzaidan murgiltzea liburu batean edo artikulu luze batean. Narrazioak edo argudioen gorabeherek harrapatu egingo zuten nire arreta, halako moldez non ordu luzeak igaro nitzakeen prosaren ibilbide luzeetan barrena. Gaur egun, ostera, ez zait horrelakorik gertatzen. Orain, bizpahiru orrialde irakurrita, hasten naiz arreta galtzen. Urduri jartzen naiz, galdu egiten dut haria, eta hasten naiz beste zerbaiten bila. Sentitzen dut borrokan nabilela arreta testura itzultzeko. Lehen era naturalean egiten nuen irakurketa sakona, borroka latza bihurtu da.
Egia esan behar baldin badut, pantailaren aurrean nabilenean, niri ere horrelako zerbait gertatzen zait. Hala ere, oraindik ez dut galdu gustua liburuak patxadaz irakurtzeko.
Kaixo Joxe:
Atzo gauza bera aipatu nion Iban Arantzabali. Ez da gaur egungo kontua, baina gero eta gehiago kostatzen zait liburu bat irakurtzen dudanean arreta bertan jartzea. Askotan gertatu izan zait orrialde pare bat irakurri eta jada burua ez-dakit-non-egotea.
Aio.