Gaur goizean harri eta zur geratu naiz Berria egunkariko azalean irakurri dudan azpititulu batekin. Txabi Etxebarrieta hil zutela 40 urte igaro direla-eta, albistearen azpitituluak zioen:
- “ETAko kidea Guardia Zibilak tirokatua hil zen, 1968ko ekainaren 8an. Bilbon, bere jaioterrian, omenaldi beroa egin diote ehunka lagunek”.
Aipatu ere ez (gero albistean bai, barruko orrialdeetan) lehenago Txabi Etxebarrietak berak hil zuela beste guardia zibil bat, Jose Pardines, ETAren lehen biktima mortala. Informazio zati hori, falta dena, pertinenteagoa iruditzen zait azpitituluaren bigarren esaldia baino, omenaldi beroarena argazki oinak esan zezakeen-eta.
Kaixo Joxek:
Ni, berriz, 1978ra joan naiz. Kasu honetan, Irungo kontratista baten hilketaz idazteko. 1978ko azaroaren 3an agertu zen albistea El Paísen. Harrigarria da nola aldatu duten Espainiako komunikabideek lengoaia ETAri buruz ari direnean. Kazetaria den lagun batek zioen atzo, 1990. hamarkadan eman zela aldaketa hori.
Zuk idatzitakoari buruz, zer nahi duzu esatea? Arrazoi duzula.
Ados nago erabat zurekin:
gauzak kontatzen diren moduaren arabera, ez du ematen berdinak direnik ere!
Nire ustez informatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna, kasu guztietan aldarrikatu/defenditu behar dira.
Era berean, duintasuna eta errespetua guztientzat eskatuz. Ni, zu bezala, horrela egiten saiatuko naiz.
Ondo segi & zorte on
Josi
Orain dala ez asko polemika sortu eban Patxi Baztarrikak “Berria” egunkariak “The Organization”egaz deukon kritikotasun eskasa dala-eta.
Neuk lehengo egunean Txabi Etxebarrietaren albistea irakurri neban eta ez neban Joxek egindako hausnarketa egin, baina egia esan “Berria”k holako gauzak gehiago zaindu beharko zituen.
Eta beste aukera bat eduki dabe zuzendaritzakoek adierazpen askatasunaren alde egiteko eta “El Correo”koei alkartasuna erakusteko. Neuk publikoki ez dot hori ikusi, gaurko “The Daily Basque”n alde batetik eta bestera bilatu dot beste hainbat kazetariren adierazpenen artean eta Martxelo Otamendirenik ez dot topau.
Egia da “Egunkaria”ren aurkako prozesuan Vocentokoen isiltasuna iraingarria eta adierazgarria dala (beste hainbatena legez), eta eurek alkartasunaren eta adierazpen askatasunaren irakasgairik ezin dabela emon, baina beti besteek lelengo urratsa emoteko zain egote hori baino jarrera umekoiagorik…
Gaur, Otamendi Berrian:
Eta auzia Meneamen.
Bai, arinegi berba egin dot eta oraingoan Martxelok erantzun bikaina eduki eta irakasgai ederra emon dau. Biziki pozten naz, eta neure egiten ditut haren berbak, argiak eta garbiak:
“Gaur beren eskubideak eta askatasuna murriztuta ikusi dituzten profesionalei elkartasuna adierzteko unea da. Bestelako azterketak beste egun eta egoera batzuetan egitea zilegi da, guztiz zilegi eta beharrezko, baina ez egoera larri honetan. Askotan esan dugu erabiltzaileek bakarrik itxi dezaketela komunikabide bat.”
“Eta, justuak izanda, guretzat eskatzen duguna eskatu behar dugu orain Vocento taldeko komunikabideentzat.”
“Sobran daude El Correoren aurkakoa eta gisako erasoak. Sobran dauden bezala togaz, uniforme berdez, urdinez eta gorriz mozorrotuta datozen erasoak.”
Gaur “Diario Vasco”n irakurri dot “El Correo”ko zuzendaritzak eskerrak emon deutsazala publikoki “Berria”ren zuzendariari. Eta pozgarria da mota honetako jenteak gizalegez jokatzen dauanean…