Ottawan bizi nintzela, harrituta geratu nintzen ikusita bost hilabeteko elurrak urtu ondoren, zelan loratzen ziren nonahi milaka eta milaka tulipan, kolore guztietakoak. Geroago jakin nuen zelan zabaldu ziren tulipanak Holandatik Kanadara.
Historiak dioenez, naziek okupatu zutenean Holanda, hango errege-erreginek ihes egin zuten Kanadara, Juliana erregina gaztea haurdun zegoela. Holandako konstituzioaren arabera, ordea, Holandako Koroako burua Holandan jaio behar da. Beraz, iheslariek arazo bat zuten, beren herriak okupatuta segitzen baitzuen, eta jaio beharrekoa atzerrian baitzegoen.
Hori konpontzeko, eta Juliana erditzear zegoela, Kanadako Parlamentuak erabaki zuen Ottawako ospitaleko gela bat, Herberehetako erregina zegoena, hain zuzen, Holandari oparitzea, bertan jaio zedin haren haurra. Horri esker, Beatrix Holandako erregina da gaur egun, bera jaio baitzen Ottawako ospital hartan.
Harrezkero, eta esker onez, Holandako gobernuak urtero tulipanak bidaltzen ditu Kanadara, opari. Hortik omen dator kanadarren zaletasuna tulipanetara.