Mondragoen izan naiz

Miarritzera joan behar nintzen bazkaltzera, atzo zozketa bat irabazi bainuen gaurko, baina bidaia bertan behera utzi, eta nire jaioterrira joan naiz goiz erdian. Atzoko atentatuaren ostean, premia nuen elkartasuna adierazteko herriko sozialistei.

Hara joan aurretik, arretaz irakurri ditut Imanol Muruaren eta Anjel Lertxundiren zutabeak Berria egunkarian. Tamalez, ezin dut loturarik egin ez batarekin, ez bestearekin. Baita Katixa Agirrek eta Hasier Etxeberriak beren blogetan idatzitakoak. Bizirik gaude, pentsatu dut, herri honetan oraindik badago kemena horrelako basakeriei erantzuteko.

Behin Mondragoen, autoa Bizkaia etorbidean utzi dut, pentsaturik herri barruan ezingo nuela beste inon utzi. Handik oinez joan naiz plazarantz. Zarugalde ia hutsik zegoen. Arbolapetan, betiko joan-etorria, baina ezer berezirik ez. Zurgin kantoian bai igartzen zen mugimendu handiagoa, batez ere parrokia inguruan. Eta handik behera egin dudanean, Erdiko kaletik plazarantz, zer zen hura: furgonetak, antena paraboliko itzelak, kiosko bat telebista kameralarientzat… eta jende piloa udaletxerantz begira.

Garaiz nenbilen, eta Elkar liburu dendan sartu naiz, denbora egiteko. Irten naizenerako, Erdiko kale anabas hutsa zen: furgonetak, autoak, oinezkoak… Udaletxerantz egin dut, eta arkupetan itxaron dut, atari nagusiaren ondoan. Kazetariak eta bizkarzainak, trumilka. Eta militante sozialista batzuk, triste. Halako batean, agintariak eta ordezkari politikoak jaisten hasi dira. Aurpegi ezagunak, eta flashak lan etengabean.

Ismael besarkatu dut, eta Paco agurtu, Arrasateko militante sozialistak. Durduzatuta ikusi ditut, noraezean moduan, eta hunkituta. Halako batean, isiltasuna egin da plazan, eta hantxe egon gara, hamar bat minutuz. Alderdietako ordezkari asko zegoen han, baina mondragoetar gutxi esango nuke, batez ere sozialistak ez diren mondragoetarrak. Halako batean, txaloek hautsi egin dute isiltasuna, eta orduan alde egin dut, autorantz.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

5 erantzun Mondragoen izan naiz-ri

  1. egilea: patxi lurra

    Joe Joxe, aupa zu! Gaur egun (tamalez) ausarta (oso ausarta) da zeuk egin dozuna egitea, Arrasate moduko herri batean esan nahi dot.

    Neu atentatuak egun libreagaz harrapatu ninduen, Bilbon, Pellotxogaz. Bazkaltzen nenbilela albistea Euskadi Irratian entzun neban. Zorionez, esan behar dot, lanean ez nengoan. Ikuspuntu berekoiagaz dinot, noski. Eta ordutik irakurri ditudan gauzen artetik, gehien inpresionatu nauena gizon honek Bergarako autopistaren ordaintokian lan egiten ebala jakitea izan da. Gizon arrunt bat, langile bat, 42 urtekoa, hiru seme-alaba. 6 urte gehiago eta 2 seme-alaba gehiago eta ni izan nintekeen…

  2. egilea: Esteban Umerez

    Kaixo Joxe,
    Ni neu ere egon naiz eguerdiko konzentrazioan herriko plazan, eta mondragoetarrak faltan bota ditut baita ere. Furgonetak, kazetariak, eskoltak eta politikariak kenduta ez zait iruditu plaza hain betea zegoenik. Alboetako Iturriotz eta Erdiko kalea lepo egotea espero nuen, eta berandu iritsita ere ez dut arazorik izan plaza erdira ailegatzeko.
    Pena eman dit, aurretik naramana areagotu duen pena.
    Bazkaldu eta gero hil kaperan egon naiz, gu guztion udaletxeko areto nagusian. Umea nintzela ere joan nintzen bertan jarritako beste hil kapera batera, gorputza balaz zulatuta zuen beste gizon bat ere ikusi nuen bertan. Eta gaurkoa ez zen hain ezberdina, baina bazen.
    Barka eidazu hizkera gordina, baina gaurkoan pleno aretoa maketoak baino ez ditut ikusi. Bizi guztia pasatu dut mondragoen euskaldun eta maketoen artean bereizten. Eta badira urte batzuk bereizketa horrekin nazkatuta nagoena. Gaur maketoak bakar-bakarrik ikusi ditut Isaiasen gorpua beilatzen, eta nik maketo sentitu dut nire burua. Langile bat hil dugu, anai bat hil digute. Guk hura, haiek guri, guk geuk danok geure buruari. Gaur, eta denbora luzez, peajeak kobratuta hilean jasotako zortzirehun euroekin hiru ume hazten saiatzen den mondragoetar maketotzat daukat nire burua, eta arima ere 9 mmko balaz zulatuta daukat.
    Ez dakizu zenbat estimatu dudan, Joxe, zure gaurko post hau.

  3. egilea: arrasatear bat

    Isaiasen hilketaren inguruan

    ——————————-

     

      Lehenengo eta behin nire dolumina agertu nahi diet Isaiasen familia eta gertukoei, bereziki Paco,Blanca,Matilde eta Ismaeli.Isaias,beste hauekin batera, nire ikaslea izan zen urtebetez.Astearte eta ostegunero beraien bulegora joaten nintzen euskera eskolak ematera.Bereziki bere irrifar samurra gogoratzen dut.

      Pena hartu nuen bere hilketaren berri izan nuenean. Ez dut uste munduan pertsona zentzudunik egongo denik horrelako ekintza onartuko duenik.

      Baina gogoeta bat egin nahi nuke honen harira. Hemen gatazka bat dago eta gatazka guztietan bezala bi alderdi, bi errealitate.Eta errealitatearen alde bietan sufrimendua.

      Biolentzia eta eskubideen urraketa gatazkaren alde bietan ematen da eta errealitate hau ezin dugu ahaztu.

      Ekintza guztiak kontestu batean ulertu behar dira eta honekin ez nabil ezer justifikatzen

    Zenbat jende espetxeratu dute azken aldi honetan Euskal Herrian Etakoak diren aitzakiaz,herri mugimenduetako partaideak izateagatik soilik? Eta presoen eskubideen eguneroko urraketak? Eta haien senideen sufrimendua? Zerrenda luzea da.

      Espainiako komunikabideen bidez egunero jasotzen dugun mezua:” Ezker Abertzalea= Eta” oso barneratuta dauka jendeak eta mezu ankerra eta gaiztoa da.

      Gauza bat da Euskal Herriaren independentziaren alde egotea eta beste bat Etakoa izatea.

      Izan gaitezen kritikoagoak eta helduagoak jasotzen dugun informazioarekin eta gauzak bere kontestuan kokatu ditzagun,denon onerako.

     

  4. egilea: kerman

    Anjel Lertxudiren eta Imanol Muruaren artikuluak sarean daude argitaratu zirenetik, Joxe. Lertxundirena helbide honetan (www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=iritzia&data=2008-03-08&orria=011&kont=005)
    eta Muruarena beste honetan (www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=harian&data=2008-03-08&orria=008&kont=004)

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko denoi zuen ekarpenengatik. Eta ondo pasatu datozen egunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude