Adobek orain dela gutxi atera du Adobe AIR behin betiko bertsioan. Software horrekin, garatzaileek hainbat erreminta sortuko dituzte, posible egingo dutenak hainbat aplikazio on line eta off line erabiltzea. Alegia, Interneten konektatuta edo konektatu barik egonda. Horrek aldaketa handiak ekar ditzake, zelan darabiltzagun sareko aplikazioak, eta hori hobeto ulertzeko, begira dagoeneko zelakoak diren aplikazio horietako zenbait, garatzaileek moldatuak Adobe AIR horren beta bertsioa erabilita, iazko ekainean plazaratu baitzen.
- Finetune. Atzo idatzi nuen aplikazio honi buruz Faroan. Gaur hainbat aldiz erabili dut, eta fenomeno dabil.
- Password keeper. Aplikazio arina baina ahaltsua, gauza da-eta gordetzeko zure pasahitz guztiak leku batean. Aukeratzen duzunean ilara bat, horko datuak era automatikoan kopiatuko dira zure ordenagailuan, nahi duzun tokian itsas ditzazun.
- Fotobooth. Aplikazio polit horietako bat, argazkiak eta Flickr maite dituztenentzat. Horrekin, erabiltzaileak di-da batean atera ditzake bere buruaren argazkiak, ordenagailuaren web kamera erabilita. Eta edita ditzake programak dituen erremintak erabilita, ondoren egindakoa Flickr-en erakusteko.
- Analytics Reporting Suite. Aplikazio honek ekarriko dizu Google Analytics zure ordenagailuaren mahaingainera, eta horrela gai izango zara, sarean sartu beharrik barik, jakiteko zer trafiko duen zure blogak, zer sistema eragile darabilten gehien, etabar, etabar.
Informazio gehiago aplikazio hauen gainean, GO2WEB2O blogean.