Mikro-ospea fenomeno nahiko berria da Web 2.0 hedabideetan, eta hor pertsona bat izan daiteke izugarri ezaguna, ez milioika lagunen artean, Madonna izan daitekeen bezala, baizik eta talde txiki batean —milaka lagun edo dozena batzuen artean. Blog bat baldin baduzu, edo kontu bat Flickr-en, litekeena da hainbat jendek zuri jarraipena egitea, eta zutaz jakitea zuk uste baino gehiago.
Gure artean, Luistxok aurreratu zigun horrelako zerbait buztan luzeaz eta mikro-audientziaz ari zela: “Etorkizunean denok izango ditugu 15 harpidedun”. Gaur, ostera, Clive Thompson kazetariari irakurri diot mikro-ospeaz hitz egiten: zelan gaztetxoak jazten diren modu berezian party batera joan aurretik, baibaitakite han ateratako argazkiak Flickr-en agertuko direla, nola blogari baten jarraitzaileek posta zerrenda bat sortu zuten Yahoon, eztabaidatzeko haren mezuen gainean, etab.
Clive Thompson baikor da, eta uste du fenomeno berri horren aurrean, jendea garatzen hasi dela hainbat gizarte gaitasun, mikro-ospera egokitzeko. “Ikasten ari gara zelan bizi jendetzaren aurrean”. Fenomeno berria esan dugu, baina, horrela ote? Ez hainbeste, egilearen iritziz beti egin baitugu horrelako zerbait: herri txikietan zabaltzen diren txutxumutxuek antz handia dute blogetan hedatzen direnekin; bestetik, jazten garen bakoitzean, ozen esaten ari gara zelakoak garen. “Mikro-ospeak apur bat irekiagoa egiten du betidanik landu dugun gizarte ingeniaritza —eta agian, zintzoagoa”.
Aratoste-martitzen gaua Ermuan, ez nuen espero halakorik… bat baino gehiago etorri zitzaidan, ezagutzen ninduela. Eta hori atso-zahar kamuflajeaz nindoala. Kontuz ibili beharko gara.
Kasu bitxia zurea, Josu. Zer gertatuko da normal-normal zoazenean?