Amaitu da Durangoko Azokaren 42. aldia. Badakigu zenbat jende ibili den aurten azokan? Ez. Badakigu zenbat liburu eta disko saldu diren? Ez. Badakigu zer liburu eta disko saldu diren gehien? Ez. Horren ordez, kea dugu ugari: “zorionez, urte ona izan da aurtengoa, iaz baino jende gehiago ibili baita azokan”. Hori, eta sailkapentxoak: “Erein pozik dago halako libururekin, polito saldu baita; Elkarren, berriz, hau eta bestea nabarmendu dituzte…”. Eta horrela, urtero, ad infinitum.
Egun hauetan sei liburu erosi ditut Durangon. Behin ere ez didate eman erreziborik erositakoaren truk, liburu dendetan ematen didaten moduan. Durangon diru beltza da nagusi, dena eskudiruan ordaintzen baita, ez dago erreziborik.
Sailkapentxoen gainetik, berriz, beste egia bat ezkutatzen da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan: libururik salduenak, gehienetan, gaztelaniazkoak izaten dira.