Atzo arratsaldean Ekiten eguna izan genuen HUHEZIn, jardunaldi bat ekintzailetasuna sustatzeko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Humanitateak-Enpresa ikasten ari diren ikasleen artean. Hori dela-eta, hiru hizlari izan genituen fakultatean: Xabier Letona Argia astekariko zuzendaria, Jose Mari Eraña Arrasate Press eta Arrasate Telebistako sortzailetariko bat eta Mikel Irizar, Goienako lehen zuzendaria.
Une batean, Jose Mari Erañak esan zuen zenbait unetan egoera eskizofrenikoa bizi izan zuela Arrasateko Udalean, askotan berak proposatu behar izaten baitzuen zer egin Arrasate Pressetik etortzen zitzaizkion eskariak, hain zuzen ere berak isilean proiektuko bultzatzaile moduan bidaltzen zituen proposamenak. Horregatik, beti ilunpetan geratu behar izan zuen, jakinda bera zela proiektuaren sortzailea. Eta, atzo aitortu zuenez, zenbaitetan hori gogorra egin zitzaion.
Hori entzunda, gogoratu nintzen inoiz idatzi nuela artikulu labur bat horren inguruan. Aurkitu dut artikulua, zeina argitaratu baitzen 1995ean Arrasate Pressen, Mondragoeko aldizkariak 300. alea bete zuenean, eta hona ekartzea erabaki dut, Jose Mariren omenez:
Laugarren gizona
“Zazpi urte igaro diren arren, gogoan dut nola Jesus Garmendiak deitu zidan Bergarako Udal Euskaltegira esanez ea Arrasatera etorriko nintzen bilera batera “aldizkari bat-edo, egiteko”. Bilera AEDn egin zen eta lau lagun bildu ginen. Hantxe hasi zen gerora Arrasate Press izango zena.
Lau lagun haietatik, lehen zuzendaria izan nintzelako seguruenik, neu bilakatu nintzen Arrasate Presseko aurpegi publikoa. Gainerako sortzaileak ez ziren hainbeste agertu. Hala ere, euren lana ezinbestekoa izan zen aldizkaria sortzeko eta iraunarazteko.
Iñaki Mendigurenek euskarari zegozkion irizpideak ezarri zituen aldizkarian. Idatzi, zuzendu, itzuli… denetarik egiten zuen. Arrasate Presseko bigarren zuzendaria izan zen.
JFDT, José Félix Díaz de Tuesta alegia, tresneriaz, diru kontuez eta publizitateaz —zertaz ez?— arduratu zen. Taldeko suhiltzailea. Arrasateko Udaleko Euskara zerbitzu burua izanik, badaezpada ez zen larregi agertzen aldizkariko ordezkari moduan. Hala ere, jendeak bazekien buru-belarri sartuta zebilela.
Baina, nor zen laugarrena? Laugarren gizona, itzalean geratu zena, proiektuaren sortzailea izan zen, hain zuzen: Jose Mari Eraña. Berak zuzendu zuen AEDn egin genuen lehen bilera hura. Aldizkari bat euskaraz egiteko asmoa azaldu zigun eta ea zer iruditzen zitzaigun galdetu. Taldeko estratega bihurtu zen, begirada urrutien luzatzen zuena. Oztopoak aurrez ikusteko eta saihesteko iaiotasun aparta zuen. Bere esku hartzea halabeharrezkoa egin zen udalbatzako zinegotziekin eta alderdi politikoekin hitz egin behar izan zen guztietan. Baita herriko elkarte eta taldeekin izan beharreko harremanak prestatzeko orduan ere. Arrasateko Udaleko idazkaria zen, ordea, eta horregatik, eta bere izaeragatik, bigarren mailan geratu zen beti.
Zazpi urte eta hirurehun zenbaki joan dira eta jende berriak daraman aldizkari berritua dugu Arrasate Press. Horixe da lehen bilera hartan ereindako haziaren fruiturik onena. Zorionak denoi!”.
Aupa, Joxe:
Egia duk Jose Mari zela Arrasate Press eta Arrasate Telebista sortu zuen taldeko laugarren kidea eta berea zirela bi komunikabideok martxan jartzeko proiektua. Bere karguagatik beti isilean egin zian lan eta jende gutxik jakin zian bere proiektuotan zebilenik. Ondo merezitako aipamena, beraz. Bejondeiala!
Orain ere Arrasateko udaleko kargutik, Mondraberri kontrolatzen du Erañak ezta?