Egun hauetan aplikazio bat probatu dut, Jing, eta horren bidez pantaila-bideoak egin ditzaket, ingelesez screencast deitzen direnak. Pantaila-bideoa bideo-grabazio bat da, eta erakusten du ordenagailuaren pantailan zer gertatzen den. Batzuetan ahots eta guzti joan liteke. Gaur egun asko erabiltzen da, bai irakaskuntzan eta bai tutorialak egiteko, edozein motatakoak.
Jing Windows eta Mac sistema eragileekin erabil daiteke; nik Mac OS Xekin erabili dut, arazo barik. Nahikoa da aplikazioa jaistea nor bere ordenagailura, hortik aurrera, ordenagailua pizten den bakoitzean, Jing ere piztu egiten da. Nire ordenagailuan, pantailaren goiko aldean kokatzen zait, eskuin partean.
Bi aukera
Jing aplikazioak aukera ematen du pantaila-argazkiak eta pantaila-bideoak egiteko, erabiltzaileak zer aukeratzen duen, bat ere kamerarik erabili barik. Pantaila-bideoen kasuan, beharrezkoa da aurretik ondo pentsatzea zer egin eta zer esan, irudiak eta hitzak uztartuta doaz-eta. Behin grabazioa eginda, aplikazioak gordetzen ditu bideoak Screencast.com webgunean, beraz, komeni da hor ere izena ematea. Bideoak zer iraupena duen, denbora gehiago edo gutxiago beharko da ordenagailutik Screencast.com-era igotzeko.
Ikusi nahi baduzue adibide bat, ikusi nik prestatu dudana Jing erabilita: “Zelan txertatu argazki bat blogean”. Mikro barik grabatu nuen, ordenagailuari zuzenean hitz eginda.
Nondik atera duzu pantaila-bideoa terminoa? Zeuk asmatua da?
Behin aritu ginen screencast terminoaren pareko baten bila eztabaidan eta hara, okurritu ere ez pantaila-bideo. Screenshot-en bide beretik jo duzu ezta?
Hori da. Euskarazko Wikipedian begiratu nuen, eta han screenshot ikusi nuen jartzen zuela pantaila-irudia (nik pantaila-argazkia erabiliko nuke, baina tira). Hori kontuan hartuta, iruditu zitzaidan bide beretik jo beharko genukeela screencast euskaratzeko. Hortik pantaila-bideoa. Ez dakit zuzena den, baina ez nuen hoberik aurkitu.