Nire tesia euskarazko Wikipediaz izango da

Aldatu egin dut nire doktore tesiaren gaia: ez da izango euskaldunok zelan erabiltzen ditugun informazio batzaileak; izango da euskarazko Wikipedia. Aldaketa handia da, eten egin baitut orain arte landu dudan gaiarekin, baina erabakia ez dut bat-batean hartu.

Nahikotasun froga egin nuenean Aurki.com informazio batzailearen gainean, ordurako argi nuen doktore tesia ez nuela egingo Aurkiren haritik tiraka, sumatzen bainuen horrek ez lukeela askoz ere gehiagorako emango. Hori zela-eta, hasi nintzen pentsatzen aztertuko nituela informazio batzaileak orokorrean, hobeto esanda, euskaldunok zelan erabiltzen ditugun informazio batzaileak (Aurki.com, Bloglines, Google Reader…) eta zelan kudeatzen dugun informazio gainkarga.

Hala ere, errezeloa nuen gai hori horrela eginda, berdin-berdin egin zitekeela Norvegian edo Hego Afrikan, eta ez zuela lotura handirik izango euskal komunitatearekin, Nahikotasun frogako epaimahaikideek iradoki zidaten moduan.

Jakiunde eta Jimmy Wales
Horrela nengoela, Jakiunde erakundearen berri izan nuen. Ez zitzaidan gustatu. Ordenagailura joan, eta idatzi egin nuen horren gainean, eta hausnarketa labur bat egin nuen eliteen moldea eta wiki moldea kontrajarrita.

Astebete geroago, Gasteizera joan nintzen Jimmy Wales Wikipediako sortzaileari entzutera. Gogoan dut aretoan sartu bezain laster pentsatu nuela Wikipedia izan zitekeela gai aproposa nire doktore tesirako, euskarazko Wikipedia. Ondoren, Jimboren zenbait erantzunek sendotu egin zuten hasierako ustea. Badaezpada, Arkaitz Zubiagari galdetu nion ea doktore tesirik eginda ote dagoen euskarazko Wikipediaren inguruan, eta hark ezetz.

Handik bi egunera galdera egin nion nire tesi zuzendariari, Aitor Zuberogoitiari. Ondo iruditu zitzaion. Atzo, bestalde, nire erabakiaren berri eman nuen Oñatin, MUren Enpresa Zientzien Fakultatean egiten ari nintzen ikastaro batean, tesiaren inguruko metodologiaz hitz egiten ari baikinen. Ikaskideek barre egin zuten, bi astean bi gai aipatu nituelako, oso bestelakoak, baina ikusi zuten euskarazko Wikipediak ematen zuela tesi bat baino gehiagorako.

Beraz, bai. euskarazko Wikipedia izango da nire doktore tesiaren ikergaia. Orain mugatu egin behar dut gaia eta galderak idatzi, galderek gidatuko dituzte-eta metodologia eta erantzunak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

4 erantzun Nire tesia euskarazko Wikipediaz izango da-ri

  1. egilea: Aitor

    Epa Joxe,
    Animo zure tesiaren berrantolaketa horrekin. Gai oso interesgarria dela iruditzen zait.
    Nik ere duela gutxi aurkeztu nuen ikerketa proiektua eta egia esan ez daukat oso argi orain daukadan tesiaren idea zenbateraino aldatuko den hurrengo hilabeteetan.

    Ongi izan!!!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Aitor, animoengatik. Erabat aldatu behar dut orain ikerketaren proiektua: galderak, helburuak, etab. Hala ere, aldaketa bera ere interesgarria izango da, zelan moldatzen naizen alegia. Zuk ere segi gogor, halako batean amaituko dugu-eta.

  3. Curriculum kontuetan ez nago batere jantzia. Aurki.com ikertzen hasi zinenean, iruditu zitzaidan Aurkiren onenak emanda zeudela, ibilbidea mugatua zuela proiektuak zu abiatu zinenerako. Ez nuen deus adierazi. Inor ez mintzearren.
    Zure ikerlana irakurri dut, arreta askorekin. Gauza interesgarri asko topatu ditut, eta nik ere hipotesi batzuk garatu ditut horrekin. Luzeago mintzatzeko kontua iruditzen zait Aurkirena.
    Ikerlana gustatu egin zait, baina ez dut uste askoz luzeagoa den ikerketa bat egiteko ematen duenik.
    Zure tesia, interesgarria egingo zaigu hemen gabiltzanoi. Wikipedia gora eta gora doan proiektua da. Ez da soilik hemengoa, nazioartean ere pasada bat da. Arrakasta handia du. Google baino jatorragoa da gainera…. zentsu askotan.
    Ikerketa gai polita hartu duzu. Bidelagunak ere onak aukeratuko dituzu ziur. Eta bidean, bidezidorrak ez ezik, bidegurutzeak ere -eta gurutzeak bidean, agian- topatuko dituzu. Zuk aurrera, ezkerretik ezin bada eskumatik…. baina nago ni, ezkerrerago eroango zaituela wiki_munduak.
    Uste dut, komunikazio kanal bat -wikia onena- sortu beharko zenukela ikerketa proiektu honekin. Kolaboratiboa izateak ere, onurak ziurrenik.
    Gazte ikusten zaitut Joxe. Gogotsu. Segi holan.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Patxi! Barkatu berandu erantzutea, berandu irakurri dut-eta zure erantzuna. Mila esker zure zintzotasunagatik eta ematen dizkidazun animoengatik. Baita iradokizunengatik ere. Justu egun hauetan pentsatzen ari nintzen zer egin doktore tesiaren inguruan:

    • Segi Faroan idazten horren gainean zerbait dudanean.
    • Blog bat sortzea horrelako kontuak lantzeko.
    • Wiki bat sortzea.

    Oraindik pentsatu beharra daukat apur bat, bakoitzaren abantailak eta desabantailak, eta gero zerbait egin.

    Besarkada handi bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude